Klima larrialdia salatzeko elkarretaratzea egin dute Institutuko ikasleek
Gaur hasi da klima larrialdiaren harira mugimendu ekologistak deitutako protesta astea. Hala, ingurumenaren alde egiteko, eta klima aldaketaren aurka daudela esateko elkarretaratzea egin dute Gernika-Lumoko Insitutuko ikasleek.
Klima larrialdia salatzeko Gernika-Lumoko Institutuko ikasle eta irakasleak kalera atera dira. Elkarretaratzea egin, eta Fridays for Future gazte mugimenduagaz bat egiten dutela adierazi dute gaur goizean.
Greta Thunberg 16 urteko suediar gazteak abiarazi zuen iaz klima aldaketaren kontrako gazte mugimendua. Hala, Fridays for Future mugimenduak deituta, asko izan ziren mundu osoan zehar klima aldaketaren kontra oihukatu zuten ikasleak. Aurten, beste behin, ingurumenarekin bat egin dute.
Gaur hasi da mundu osoan klima larrialdiaren harira mugimendu ekologistak antolatutako protesta astea, eta horrekin bat egin dute, beste urte batez, udalerriko ikasle zein irakasleek.
Klimaren alde. Klima aldaketaren kontrako ahotsak entzun dira institutuan. Agenda 21eko irakasleek jakinarazi dutenez, “mundu osoan klima larrialdiaz dagoen kezkarekin bat eginda” elkarretaratzean batu dira atsedenaldian. Agenda 21 proiektuko arduradunek ere babestu dute gaurko elkarretaratzea.