Zaldi proben erakustaldia egingo dute bigarrenez, Altamiran
Baraiazarra (Maume), Koba (Aulesti) eta Erauzkin (Mañu) lehiatuko dira domekan, 17:30etik aurrera. Ordu bete lehenago, Iturbe Anaiak Harategiak emandako pernilaren zozketa egingo dute.
Bigarren urtez, zaldi proben erakustaldia egingo dute domekan [irailak 29], Altamiran. Harri Berri Elkarteak antolatuta, “inguruko zaldi onenak” ikusteko aukera izango dute auzotarrek Busturian. Proba 17:30ean hasiko dute hiru gonbidatuek, eta 1000 kilo inguru dituen Mañuko harria erabiliko dute probalekuan.
Baraiazarra (Maume) eta Koba (Aulesti), Nabarnizko Zaldi Probetan lehenengo eta bigarren sailkatu ziren parte hartzaileak, aurrez aurre ariko dira denboraldi osoan zehar izaten ari diren lehia berrartzen. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “oso onak dira biak, eta lehia ikusgarria” aurreikusten dute. “Baraiazarra aspaldian oso indartsu dabil, baina Koba betidanik izan da ezaguna, bere abereak gogorrak baitira”, azaldu dute.
Horiez gain, Erauzkin (Mañu) zaldi gazteak ere hartuko du parte erakustaldian: “Jendeari beti gustatzen zaio zaldi berriak ikustea, horregatik gonbidatu dugu”.
Iazko giro paregabea errepikatuko dela uste dute Harri Berrikoek, izan ere, “kartela ikusita, arratsalde zoragarria” pasako dutela diote. Zaldi proben erakustaldia hasi aurretik, 16:30ean, Iturbe Anaiak Harategiak emandako pernilaren zozketa egingo dutela gogorarazi dute antolatzaileek.
Zaldiak bueltan. Azken urteetan, inguruko herrietako taldeetako kideekin gizon eta idi probak egin dituzte Altamirako probalekuan, hala, aspaldiko partez, zaldiak izan ziren iaz protagonista, eta aurten ere hala izango da.