35 kale artistek kolorez jantziko dute Gautegiz Arteaga asteburuan
Udalak eta Mikel Aldekogarai artistak martxan jarritako ekimenak artearen sormen artistikoa sustatu eta herriko gune ezberdinak ezagutarazi gura ditu. Egonaldia girotzeko kontzertuak egongo dira zapatuan eta domekan.
Ibilaldi of Styles ekimenak kolorez jantziko ditu Gautegiz Arteagako kale eta txokoak bigarren urtez. Oraingoan, 35 kale artistaren lanek koloreztatuko dituzte kaleak, eta herritarrek arteagaz gozatzeko aukera edukiko dute asteburuan zehar. Lehenengo edizioa 2017. urtean egin zuten, eta 26 izan ziren parte hartu zuten kale artistak.
Gautegiz Arteagako Udalak herriko artista Mikel Aldekogarigaz batera martxan jarritako ekimena da Ibilaldi of Styles. Hala, elkarlanean, artearen sormen artistikoa sustatzeaz eta herriko gune ezberdinak erakusteaz arduratuko dira artistak zapatu eta domekan, herrikoei zein kanpokoei herriko txoko ezkutuak ezagutaraziz.
Bigarrenez egingo dute, eta 2017an izandako arrakastak bultzatu duela berriro ekimena antolatzera aitortu du Aldekogaraik: “Orain dela bi urte ez zen erraza izan margotzeko hormak aurkitzea. Zalantzak zeuden, baina guztiz arrakastatsua izan zen”. Halaber, aurten edukitako babesa “sekulakoa” izan dela aitortu, eta herritarren prestutasuna eskertu du: “2017an jendeak zoriondu egin zigun, eta aurton herritar asko etorri dira euren hormetan margotzeko esanez”. Guztira, pribatuen eta udalaren artean, 17 horma margotuko dituzte.
Udalarengatik jasotako laguntza “perfektua” izan dela dio, eta egindako ahaleginak eskertu ditu artistak. Udalak, berriz, grafitia gazteen interes handiko artea dela uste du, eta, era berean, bisitariak erakartzeko baliogarria dela deritzo: “Gu ezagutzera emateko modurik onena da Gautegiz Arteagako herria artearen sustatzaile izatea. Halaber, herriko artista bati babesa emateak be harrotzen gaitu”.
Zapatuan zein domekan 11:00etatik 20:00etara egongo da “herriari balio kulturala eta turistikoa emango dieten lan” horiek ikusteko aukera. Ordu horien artean 35 artistek herriko kaleak hartuko dituzte, euskarri ezberdinetan (kutxetan, hormetan, paneletan…) egindako grafitiak eskainiz. Herri osoan ikusi ahalko dira lanak: errealistak, abstraktoak… Eta estilo eta euskarriak askotarikoak izango badira ere, irudikatu beharko duten gaia bakarra izango da: Euskal Kultura.
Zuzenean marraztuz. Grafitiak zuzenean marraztuko dituzte, eta honakoak izango dira horien egileak:Aum, Sinpa, Say, Shore, Kero, Txar, Uka, Bla, Pablo Zabala, Smoke Signal Studio, Joel Arroyo, Decima, Slic, Muraleslian, Lan, Mai, Siakone, Zero, As 11, Pablo Astrain, Eik, Belar, Oner, Roke, Azuri, Juan Sen, Neskiita, Mawa, Kezon, Rope, Wesh, Kush, Goal, Mnk eta Keie. Gehienak bizkaitarrak badira ere, bestelako tokietatik ere iritsiko dira artistak: Barzelona, Malaga edo Cadizetik, esaterako.
Grafitiak 15 horma zuriren gainean margoztuko dute, eta aurreko edizioan margotutako beste bi berriztuko dituzte.
Ekimena borobiltzeko, gainera, zapatuan 12:00etan gazteentzako grafiti tailerra eskainiko dute herriko plazan, eta egonaldia girotzeko kontzertuak egongo dira. El Txef Aren doinuak entzungo dira lehenengo, 12:00etatik aurrera ariko baita. Okherrek 16:00etatik aurrera girotuko du plaza, eta The Riff Truckersen txanda izango da 21:30ean. Zapatuan eta domekan, gainera, Arteagako gazteluaren aurrean DJ Prodesor ariko da egun osoan zehar.