100 lagunetik gora batuko dira XI. Forutik Forura Mendi Martxan
Domekan [irailak 29] egingo duten proban parte hartu nahi dutenek izena emateko azken eguna dute gaur (00:00ak baino lehen, internet bidez), baina antolatzaileek gogoratu dute egunean bertan ere aukera izango dutela interesatuek.
Gaur gauean (00:00etan) bukatuko da domekan [irailak 29] egingo duten XI. Forutik Forura Mendi Martxan izena emateko epea. Interesatuek internet bidez eman dezakete oraindik ere izena www.haitzbiribil.com eta www.kirolprobak.com webguneetan, baina Haitz Biribil elkarteko kideek gogorarazi dutenez, egunean bertan ere aukera egongo da, nagusiek 10 euro eta umeek 6 euro ordainduz. Gaur gaurkoz, 100 bat lagunek eman dute izena.
Azken urteetako joerari jarraituz, ume eta nagusien parte hartze parekatua espero dute martxan. Antolatzaileek jendea animatzeko deia egin dute: “Eguraldi ona dago iragarrita, eta ibilbideak bukatu ostean opari dezente zozkatuko ditugu”.
Domekan Forura hurbiltzen direnek bi ibilbide izango dituzte aukeran. Luzeenak 21,5 kilometro ditu eta 08:30ean ekingo diote ibiltariek. Laburrak, bestalde, 8 kilometro ditu eta bi ordu beranduago hasiko da, 10:30ean. Aldaketa txiki batzuk egin dituztela ohartarazi dute Haitz Biribil elkarteko kideek, izan ere, “Muruetatik igarotzen den zatia eta erreka hegala kendu, eta Busturia inguruko basoa” sartu dute aurten. Baldatikan, gainera, anoa postua izango dute ibiltariek.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Elkarrekin edozer lortu geinke elkarteari, Endika Salegiren errehabilitazio tratamendurako sortu den elkarteari, bideratuko diote parte hartzaile bakoitzeko euro bat”. Aurretik ere, Astran egindako ekitaldietan parte hartu zuten, eta Salegi, urte luzez, Foruko martxako speakerra izan dela kontuan izanda, “laguntza eskaini” nahi diote “gure lagun eta lankideari”.