Urko Garmendiak irabazi du Arratzuko Enduroa
Iazko garailea eta faborito nagusia izan zen Borja Nietok egin zuen atzo bigarren, eta Peru Irazola sailkatu zen hirugarren. Gernika Off-Road taldeagaz lehiatu zuen Markel Barainka 23 urtez azpikoen proban nagusitu zen.
Urko Garmendiak irabazi zuen atzo arratsaldean Arratzuko landetan lehiatu zuten Enduro lasterketako proba absolutua. 16 minutu eta 840 ehuneko denbora ezarrita, iazko garaile eta faborito nagusia izan zen Borja Nietoren (16.11,639) aurretik helmugaratu zen. Hirugarren, Gernika Off-Road lizentziagaz parte hartu zuen Peru Irazola (16.13,963) sailkatu zen.
23 urtez azpiko kategorian Markel Barainka bedarutarra gailendu zen, 17 minutu, 7 segundo eta 351 ehuneneko denboragaz. Gernika Off-Road taldeko gidariaren atzetik lehia estua izan zuten Ohian Meoquik eta Bingen Sainzek. Lehen bi itzulietan, gutxigatik izan bazen ere, aurretik egon zen Sainz, baina hirugarrenean irauli egin zuen kronometroa. Hala, bigarren Meoqui izan zen, 17 minutu, 25 segundo eta 12 ehunenegaz, eta Sain hirugarren, bi segundo gehiago behar izan baitzituen.
Seniorren kopa kategorian, bestalde, Guillermo Mazak ezarri zuen denborarik onena: 16 minutu, 51 segundo eta 771 ehunen. Ibai Ibarrak eta Eneko Caminok osatu zuten podiuma. Irabazlea baino 16 segundo beranduago helmugaratu zen Ibarra, eta beste 10 segundo behar izan zituen Caminok.
Modalitate bereko 23 urtez azpikoetan Gernika Off-Roadeko Aitor Gabiolak urrun izan zuen garaipena. Aritz Muruak (18 minutu, 27 segundo eta 591 ehunen) 18 segundoko aldea atera zion, eta Borja Azconak egin zuen hirugarren, irabazlearengandik 33 segundora. Ioritz Urriolabeitia muxikarrak ezin izan zuen proba bukatu.
Beteranoen kategorian, aldiz, Egoitz Peñagaricanok (17.08,485) ezarri zuen denborarik onena, eta segundo bat beranduago helmugaratu zen Pedro Luis Gorospe. Hirugarren sailkatua Alberto Macia (17.32,036) izan zen.
Guztira 90 gidarik parte hartu zuten Arratzuko Enduroko sei kategorietan, eta proba Euskadiko txapelketarako puntuagarria izan zen. Motorrek 28 kilometroko luzerako ibilbidean hiru itzuli eman zituzten. Lasterketa Gernika Off-Road taldeak Arratzuko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatu zuen.