Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan du Araski mendean hartu Euskal Kopan
Landakon jokatu zuten atzo finala, eta talde gernikarrak 50-47 galdu zuen talde gasteiztarraren aurka. Finalerdietan IDK Gipuzkoa 61-56 mendean hartu ostean sailkatu ziren seigarren aldiz jarraian txapelketako finalera.
Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan zuen atzo Araski menderatu, Landakon. Partidu berdintsua jokatu bazuten ere, 50-47 galdu zuen, eta azken hiru urteetan bezala Euskal Kopa gasteiztarrek irabazi zuten.
Klasiko bilakatu da Araski eta Lointek Gernika Bizkaiaren arteko neurketa. Talde gernikarraren eta gasteiztarraren arteko derbiak “biziak izaten dira beti”, eta atzoko Euskal Kopako finala ez zen gutxiagorako izan. Lehen zati oso gogorra lehiatu zuten, denboraldiaurreko partidu batean bezala baino “Erreginaren Kopan izan ohi den erritmoan” aritu ziren bi taldeetako jokalariak lanean.
Araskiko Laura Quevedok hiru hiruko jaurtiketa jarraian saskiratu zituen lehen laurdenean, baina Lointek Gernika Bizkaiak Belen Arrojoren eta Julie Wojtaren nagusitasun fisikoa aprobetxatu nahi izan zuten joan-etorri etengabeko minutu eroetan. Mario Lopezek gidatutako jokalariek, ordea, ez zuten Quevedo gelditzen asmatu, nahiz eta Naiara Diez kapitainaren saskiratzeek asnarguneak eman zizkioten talde bizkaitarrari (13-15).
Bigarren laurdenenean, Wojtaren eta Juana Molinaren hirukoek aurretik jarri zuten Lointek Gernika Bizkaia, eta Nikolina Milici esker ordura arteko alderik handiena atera zioten Araskiri (15-21). Erasoari ekin zion talde gasteiztarrak baina, eta Quevedoren saskiratzeek zein jokalariek defentsa lanetan erakutsi zuten indarrarekin parekatu egin zen finala (29-32).
Aldageletatik bueltan, bigarren zatiak ez zuen aurretik ikusitakoaren bizitasunik izan. Hirugarren laurdenean seina tanto baino ez zituzten egin (35-38). Azken txanpan, oreka izan zen nagusi. Bateko zein besteko jokalariek hiruko saskiratzeak kateatu zituzten, eta Gaby Oceteren bi jaurtiketa libreek aurretik jarri zuten berriz ere Lointek Gernika Bizkaia azken minutuetan (42-43). Aldiz, ordura arte desagertuta zeuden Maria Asurmendik eta Tamara Sedak neurketa irauli eta Euskal Kopa Gasteizera bideratu zuten (50-47).
Sufrimenduzko finalerdia. Seigarren finala jarraian jokatu aurretik, Lointek Gernika Bizkaiak IDK Gipuzkoa izan zuen aurrez aurre finalerdietan, zapatuan [irailak 21]. Talde gernikarrak zailtasunak izan bazituen ere, aurkaria garaitzea lortu zuen (61-56).
Milic eta Ariel Edwardsen arteko saskiratze lehiak Landakoko kantxara hurbildu ziren zaleak animatu zituen partiduaren lehen laurdenean (18-17), baina tartea talde gipuzkoarraren alde nabarmentzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka bigarrenean. Hala ere, Molinak azken minutuetan egindako hirukoek Lopez entrenatzailea lasaitzea lortu zuten (31-35).
Bigarren zatia ilun hasi zuen talde bizkaitarrak, izan ere, 10 puntuko aldea atera zion IDK Gipuzkoak, nahiz eta Wojtaren lan bikainak eragina izan zuen: 46-48 bukatu zen hirugarren laudena. Azken txanpan Ocete nabarmendu zen, bere saskiratzeek finalerdia irauli zuten, garaipena eta finalerako txartela Lointek Gernika Bizkaiari emanez.