Etxetik kanpo ere irudi ona eman du Gernika Rugby Taldeak
Basurdeek Bera Bera talde donostiarra 14-30 garaitu zuten zapatuan [irailak 21], eta bigarren daude Ohorezko B Mailako sailkapen orokorrean, 9 punturekin.
Bera Bera talde donostiarra 14-30 mendean hartuta, etxetik kanpo jokatutako lehen partidua irabazi zuen Gernika Rugby Taldeak, zapatuan [irailak 21]. Basurdeek indartsu hasi dute Ohorezko B Mailako 2019-2020 denbroaldia, izan ere, lehen bi jardunaldietan garaipen bana eskuratu dute.
Bi euskal taldeen arteko neurketa orekatsua espero zen Kote Olaizola zelaian, eta hasierako minutuetan hala izan bazen ere, talde gernikarrak nagusitasuna erakutsi zuen “fase estatikoan”. Bizkaitarrek ostiko libre bat huts eginez hasi zuten partidua, baina 17 eta 20.minutuetan egindako entseguekin aurretik jarri ziren (0-14).
Emaitza atsedenaldira arte mantentzea lortu zuten basurdeek, hala ere, Bera Berako Unamunok eta Gernika RTko Larrabeitik txartel gorria ikusi eta bigarren zatia jokalari bat gutxiagorekin hasi zuten bi taldeek. Talde donostiarra “bizi” irten zen berriz zelaira, defentsa lanetan eta baloia mugitzen asmatu zuten, eta hala, lehen entsegua lortu zuten 58. minutuan (5-17).
Epaileak Gernika RTko bigarren jokalari bat kanporatu zuen eta taldeak arazoak izan zituen defentsan, zuloak agertu baitziren. Zelaian gutxiago baziren ere, basurdeek tinko eutsi zioten fase estatikoei. Talde gipuzkoarrak bigarren entsegua egitea lortu bazuen ere, bien arteko aldeak gora egiten jarraitu zuen (68. minutuan 14-20 puntutan zegoen markagailua). Azken minutuetan Parakiren ostiko batek neurketa guztiz erabakita utzi zuen, 14-30 basurdeen alde.
Ohorezko B Mailako sailkapen orokorrean bigarren da talde gernikarra, 9 punturekin, eta 10 punturekin liderra den Getxo RT izango du datorren asteburuan aurrez aurre, Urbieta zelaian.