Antiokia eta Kolonbiako ordezkariek Gernika-Lumo bisitatu dute
Espainiako Turismo lehiakortasuna, iraunkortasuna eta bertaratzea sustatzeko proiektuaren barruan kokatutako bisita da.
Antiokia eta EAFITeko (Kolonbia) unibertsitateen, Medellineko alkatetzaren, Aburra Haraneko hiri eremuaren eta trekking eta turismoko bi enpresen 11 ordezkarik bisitatu zuten Gernika-Lumo atzo.
“Gure herriak duen turismo eskaintza ezagutzeko eta ezagutzak elkarren artean trukatzeko helburuagaz etorri dira”, adierazi dute udal arduradunek. Bisita Espainiako Turismorako lehiakortasuna, iraunkortasuna eta bertaratzea sustatzeko egitarauaren barruan dago kokatuta, eta Antiokia eta Kolonbiarekin ezagutzak trukatzea da egitarauaren asmoa.
Hala, Turismo Bulegoko arduradunek Gernika-Lumon burututako hainbat esperientziari buruzko ondorioak eman zizkieten Kolonbiako ordezkariei. Besteren artean herrian sustatutako neurriak eta Jai Alai frontoiko bisiten esperientzia-programa jorratu zituzten. Turismoaren eraginari buruzko kudeaketa, estrategia eta neurketa sistemaren nondik norakoak ere landu zituzten atzo.