Sollube 707 Mendizale Taldeak Idiazabal gaztaren ibilbidearen azken etapa egingo du domekan
Mutiloa eta Ordizia batzen dituen ibilbidea egingo dute mendizaleek. Ostean, Ordiziako Tximista Sagardotegian bazkalduko dute.
Bermeoko mendizaleek apirilean ekin zioten Gipuzkoako ondare naturala eta historia ezagutzeko aproposa den Idiazabal gaztaren ibilbideari. Ordutik hona lau irteera egin dituzte, eta azken etapa domekan beteko dute Sollube 707 Mendizale Taldeko kideek.
Legazpitik hasita Arantzazu, Otzaurte eta Lizarrusti zeharkatu dituzte azken bost hilabeteetan banatutako irteeretan. Jakitera eman dutenez, domekako ibilbideak Mutiloa eta Ordizia batuko ditu. Hamahiru kilometroko etapa izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Egindako etapak ez dira “ez gogorrak ez errazak” izan, eta domekakoa ere halakoa izango da.
Mendizaleak 07:00etan Zubiaur tar Kepa kaleko bus geltokian batuko dira Mutiloarantza irtetzeko. Bazkideek 10 euroko prezioa ordaindu beharko dute; bazkide ez direnek, ordea, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Ibilbidea bukatzean, mendizaleak Ordiziako Tximista Sagardotegian bazkaria egingo dute. Antolatzaileek bazkariaren prezioa ibilbidearen kuotatik kanpo dagoela azaldu dute; bertan bazkaldu nahi dutenek 21 euro ordaindu beharko dituzte.
Interesatuek 676 62 01 95 edo 619 75 31 98 telefono zenbakietara deitu beharko dute informazioa eskuratu edota izena emateko.