Bermesex zerbitzua bihartik aurrera berriz abiaraziko dute
Udako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak barikuro sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa emateko ekimena eskaintzen jarraituko du.
Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzuak berriz ateak irekiko ditu bihartik aurrera. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak antolatutako egitasmoak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa ematea ditu helburu.
Zerbitzuak herriko gazteei “modu partikularrean ezagutzeko laguntza eskaintzen die, onartu eta adieraz daitezen, bestearekin harremanak izateko modu onuragarriena” bilatzeko asmoagaz. Izan ere Bermesex “sexua eta sexualitatearen bizipenean modu onuragarriak bilatzeko zerbitzu publikoa, konfidentziala eta doakoa” dela azpimarratu dute udaletik.
Alazne Zumeta Gazteria Saileko zinegotziaren berbetan, “herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazi daitezen, horrela, euren adineko beste gazte batzuekin, hartu-emanak izateko modu onuragarriena bilatzeko”.
Zerbitzu zabala. Horretarako aditu batek gazteekin eta beraien familiekin batera lan egiten du orientazioa eskaintzeko. Orientazio Zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko dute bariku arratsaldeetan. Bertan hainbat gai landuko dituzte: sexu bidez transmititutako gaixotasunak, antisorgailuak, tabuak edota sexu orientazioa, besteak beste.
Sexualitateari buruz ere hitz egiten dute barikuro egindako batzarretan. Bikotea, transexualitatea, desiraren orientazioa, homoak eta heteroak, amodioa, orgasmoak, sexu-nortasun anitzak, hilekoa, lehenengo aldiak, bikote-gatazkak, LGTBIQ+, emakume eta gizon anitzak ahalduntzeko estrategiak, gozamenak, LGTBI kolektiboaren diskriminazio ezaren aldeko lana edota tratu onak dira, esate baterako, zerbitzuaren erabiltzaileek orientzaileagaz landu ahal dituzten arloak.
Orientazio ereduak. Zumetak azaldu duenez, orientazioa bideratzeko “hiru eredu” erabiltzen ditu zerbitzuak. Horiek programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua dira.
Orientazio ereduagaz ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak hausnartuko dituzte profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz.
Programa ereduak, proposamen ezberdinak eraikitzeko aukera eskainiko du. Sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak dira, adibidez, eredu horren barnean landu daitezkeenak.
Amaitzeko, teknologia ereduaren barnean gizarte sare (Facebook, Twitter), korreo elektroniko, Skype (orientazio.zerbitzua) eta txat bidezko arreta eskaintzen dute, aholkularitza ekintzak burutzeko bide berriak erabiliz modu horretara. Gainera, 644 89 86 61 telefonora deituta aholkuritza jasotzeko aukera daukate erabiltzaileek.
Zuzeneko arretari dagokionez, 16:00etatik 17:30era eskainiko dute barikuetan Kultur Etxeko bigarren solairuan. Gainera, profesionalekin koordinatzeko aukera ere egongo dela jakinarazi dute arduradunek.