Agarre eta Baraiazarra gailendu dira 50.Nabarnizko Zaldi Proben Txapelketan
Kinttopekoak mailako irabazleak 60 untza egin zituen. Libre mailako garaileak, bestalde, 72 1/3 untza eta 1,28 metro eginda bukatu zuen saioa.
Baraiazarrak (Maume) eta Agarrek (Markina-Xemein) irabazi dute Nabarnizko 50. Zaldi Probren Txapelketa. Barikutik (irailak 13) astelehenera (irailak 16) bitartean lehiatu zituzten parte hartzaileek probak, eta Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetarako puntuagarriak izan dira. Iluntzar Jai Batzordeko kideek adierazi dutenez, “giro ona” nagusitu da.
Kinttopekoak mailako zaldiak barikuan eta zapatuak aritu ziren Nabarnizko 1000 kiloko harriarekin probalekuan lanean. Pisaketak egin ostean, 21:00etan hasi zituzten saioak. Lehen egunean, 60 untza eginda, Agarre txapelketa irabazteko faborito bilakatu zen, izan ere, Garagartza Elkarteko zaldia 54 untza eta 4,45 metrotan gelditu zen. Astelehenean, Ibekohondo (48 untza) eta Aitor Alzaa (27 untza) aulestiarrek ezin izan zuten markina-xemeindarrak ezarritako marka gainditu, ezta Fermin Santamariak (43 untza eta 5,10 metro) ere.
Libre mailako txapelketa, bestalde, domeka arratsaldean [irailak 15] eta atzo iluntzean jokatu zituzten. Domekan zaldi bakarrarekin egin zuten saioa, gainerako bi parte hartzaileak ez baitziren aurkeztu. Hala ere, astelehenean “jendetza” hurbildu zela baieztatu dute antolatzaileek, izan ere, 140 sarrera saldu zituzten. Zaletuek urte osoan zehar Koba eta Baraiazarra izaten ari diren lehia estua aurrez aurre ikusteko aukera izan zuten.
Baraiazarrak irabazi zuen proba, 72 untza 1/3 eta 1,28 metro eginda, eta bere aurkari zuzena izan zen bigarrena, Koba (64 untza). Juan Uriarte aulestiarra sailkatu zen hirugarren (61 untza), eta etxeko Jatetxe Nabarniz laugarren (60 untza 3/4 eta 2,35 metro). Fermin Santamaria eta Aitor Alzaa aurkeztu ez zirela eta, Jabier Peña (Guriezo) izan zen azkena, 46 untza eginda.
SAILKAPENAK:
– Kinttopekoak
1.- Agarre (Markina-Xemein) 60 untza
2.- Garegartza Elkartea (Laukiz) 54 untza eta 4,45 metro
3.- Ibekohondo (Aulesti) 48 untza
4.- Fermin Santamaria (Guriezo) 43 untza eta 5,10 metro
5.- Aitor Alzaa (Aulesti) 27 untza
– Libreak
1.- Baraiazarra (Maume) 72 untza 3/4 eta 1,28 metro
2.- Koba (Aulesti) 64 untza
3.- Juan Uriarte (Aulesti) 61 untza
4.- Jatetxe Nabarniz (Nabarniz) 60 untza 4/4 eta 2,35 metro
5.- Jabier Peña (Guriezo) 46 untza
Fermin Santamaria (Guriezo) – Ez da aurkeztu
Aitor Alzaa (Aulesti) – Ez da aurkeztu