Akordu kolektiboagaz amaitu da 11/13 Sumarioa
Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak espetxera joan beharko dute. Espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute beste epaitu guztiek.
Ordu erdian erabakita gelditu da gaur [irailak 16] goizean Espainiako Auzitegi Nazionalean egin den 11/13 Sumarioko epaiketa. 10:00etan hasi da epaiketa eta, akordu batera ailegatuta, akusatuek leporatzen zaizkien delituak onartu ostean, amaitutzat eman dute. Herrira-ko kideak, Etxerat-ekoak, presoen osasunaz arduratzen den Jaiki-Hadi elkartea, abokatuak eta bitartekariak izan dira 47 auzipetuak. Fiskalak orotara 606 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen haientzat, baina eskaera aldatu eta 47 auzipetuetatik bakarrik Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak joan beharko dute espetxera. Orain arteko espetxealdia kontuan hartuta hilabete batzuk egin beharko dituzte kartzelan. Noiz espetxeratuko dituzten ez dute argitu.
Fiskalak eskaera berria egin diete gaur akusatuei; erakunde terroristako kide izatea egotzi diete Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari, eta beste 45ei, berriz, parte hartze aktiboa. Urte bat eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete 45 auzipetuei. Arantza Zuluetari hiru urte eta sei hilabetekoa eta Jon Enparantzari bi urte eta zazpi hilabetekoa. Aurretik behin-behinean egindakoagatik, hilabete gutxi batzuk egin beharko dituzte kartzelan. Bestalde, espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute epaituek.
Epaiketa hasi aurretik, Ibon Meñika auzipetuak hartu du hitza denen izenean: “Gu hona ez gatoz justizia bila. Badakigu zer den. Hemendik gure herriari begiratu nahiko genioke, eta han dauden hainbat gatazkari irtenbidea aurkitzeko apustua da gurea”, adierazi du.
Babesa. Babes handia jaso dute auzipetuek. Hainbat izan dira 47ak Herrian lelopean uda osoan Euskal Herri osoan burututako ekitaldiak. Azkena, zapatuan [irailak 14] Bilbon egindako manifestazio jendetsua. Milaka lagunek egin zuten bat Giza eskubideak. Askatasuna. Etorkizuna. Herrian lelopean deitutako mobilizazioagaz. Gaur bertan ere hainbat alderditako ordezkariak batu dira Madrilgo Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean besteak beste, Jon Inarritu EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatua eta Bernart Picorell ERCko senataria. “Gure ustez zentzugabekeria bat da makro sumario politiko bat berriz ere ikustea ohiz kanpoko auzitegi honetan. Marmotako egun baten aurrean gaude. Iraganean zentsurik ez bazeukaten halako prozesuek are gutxiago une honetan non kartzelak uzteko garaia heldu da”, adierazi du EH Bilduren diputatuak.
Epaiketa amaitutakoan Amaia Izko abokatu eta auzipetuak azaldu duenez denek espetxea saihestea zuten helburu, eta erabaki kolektiboz, eta Zulueta eta Enparantzaren onarpenarekin hartu dute erabakia. “Askotan salatu dugu guztiz baldintzatuta gatozela epaiketa honetara, eta baldintzatzen gaituena dela prozedura honen ezohikotasuna, eta, batez ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak tribunal bezala duen ezohikotasunak. Horrek ahalbideratu du gure kontra guztiz logikatik kanpo eta guztiz neurritik kanpo dauden zigor eskari izugarriak egotea. Akordio hau onartu dugu 47 lagun gehiago kartzelara joan behar ez izatekoeta, aldi berean, iraganeko formulak eta estrategiak atzean utzi eta etorkizunari atea zabaltzen laguntzeko”. Enparantza eta Zuluetaren konpromisoa eta erantzuna ere aitatu ditu Izkok. “Erabaki dute arlo pertsonala sakrifikatzea irtenbide hau ahalbidetu ahal izateko”.