Bermeoko Artza frontoiko berrikuntza lanak amaitu dituzte
Aldagelak, eskailerak eta komunak berritu dituzte, besteak beste. Lanek 113.389,50 euroko aurrekontua izan dute.
Artza frontoiaren erabiltzaileen irisgarritasuna hobetu eta horiek erraztasun gehiago izateko helburuagaz, Bermeoko Udalak kirol instalazioetan hainbat berrikuntza burutu ditu.
Lanak Udal Gobernuaren kirol instalazioak berritzeko eta mantentzeko estrategiaren barruan kokatuta daude, eta azken hilabeteetako epean gauzatu dituzte. 113.389,50 euroko inbertsioa egin du udalak.
Azaldu duenez, frontoietako aldagelak eta komunak guztiz berriztatu dituzte lanekin, “itxura eta erosotasuna nabarmenki hobetuz”.
Elbarrituentzako sarrera. Egindako berritasunen artean elbarrituek barrura sartzeko erabiliko duten aldapa berria azpimarratu du. Aldapa horri dagokionez, beste toki batean kokatu dute, taberna ondoan dagoen sarreran hain zuzen ere.
Bigarren sarreran, berriz, eskailerak guztiz berritu dituztela jakinarazi du udalak, horien zabalera handituz. Hori gunearen segurtasuna hobetzeko asmoagaz egin dute, larrialdi kasuetan ebakuazioak erraztuko baititu. Eskailera zaharrak kendu egin dituzte.
Frontoiko putzu septikoa kendu egin dutela adierazi du udalak; ur zikinak herriko saneamendu sarera desbideratu dituzte.