Gaztelugatxera doazenei zuzendutako 354 ibilgailurentzako aparkalekua zabaldu dute Bermeon
Aparkalekua Pergolan kokatuta dago. Lanek 637.836 euroko aurrekontua eduki dute, eta Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren akordio bati esker gauzatu dituzte.
Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren hitzarmenari esker, Bermeok aparkaleku berria estreinatu du. Akordioak, joan den azaroan sinatutakoak, 637.836 euroko aurrekontua izan du. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak 515.000 euroko inbertsioa egin du lanak gauzatzeko.
354 leku dituen aparkalekua Pergolan kokatuta dago, eta udalak 2019an egin zuen Mugikortasun eta Aparkalekuen Planari erantzuten dio. Lanak maiatzaren eta irailaren artean gauzatu dituzte. Jatorriz 76 leku zituen 8.013 metro karratuko eremua erabili dute hilerriaren eta Itxas Gane futbol zelaiaren ondoan dagoen aparkaleku berria eraikitzeko.
Hala ere, oraindik hainbat elementu gehitzea falta dela azaldu du udalak: paperontziak eta arbolak, esaterako. Guzti horiek urtea amaitu baino lehen ezartzea aurreikusi dute.
Bi helburu. Aparkalekuak bi helburu nagusi dituela azaldu du udalak. Alde batetik, herriko azpiegiturak eta mugikortasuna hobetu gura dituzte guneak eskaintzen dituen autoentzako lekuekin.
Bestetik, Gaztelugatxeko San Juan bisitatu nahi duten pertsonei ibilgailuak bertan aparkatzeko aukera eman nahi dute, era horretara bisitarientzat Bermeo bisitatzea erosoago egiteko. Horrela, aparkalekua Gaztelugatxera joan gura dutenen sarrera bezala balioko du.
Hain zuzen ere, bisitariek Bermeotik Gaztelugatxera heltzeko garraio publikoa erabiltzea gura du udalak, eta aldi berean herriarentzat aukera gehiago sortu, “bisitariek eragina izango dutelako tokiko ekonomian”.