Euskal Oiloaren agertokia izan da Mendata beste behin
Jende asko erakarri du 23. Mendatako Nekazal Azokak. Busturialdean "finkatuta dagoen azoka" dela azpimarratu dute antolatzaileek.
Ortuariak, gazta, txakolina, euskal pastela, eztia, ogia, landareak, eskulanak, bitxigintza, larrugintza, euskal jantziak, egur lanketa, zaldiak, behorrak, poniak, oiloak, makineria…ikusteko eta erosteko asko ekarri du beste urte batez Mendatako Nekazal Azokak. Jende asko batu zen Eleizalden, domekan, batik bat eguerdi partean, eta oraingo honetan ere “giro polita” sortu zela-eta pozik daude antolatzaileek.
Eskualde mailan finkatuta dagoen azoka dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Bizkaia mailan ere esango genuke baietz”.
Urtero-urtero euskal oiloaren erakustoki izaten da Mendata. Horixe da bertako azokaren ezaugarri nagusienetakoa. “Euren baserrietan edo etxeetan sartzeko gero eta jende gehiago dago interesatuta. Alde horretatik jendea gero eta mentalizatuago dago. Herrian batez ere arraza horiek galdu ez daitezan lan egiten dugu, urte askotan galduta egon baitira. Alde horretatik ere pozik egoteko moduan gaude. 23 urte luze daroaguz, urte bakar batean ere eten barik; ezin dugu gehiago eskatu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Hain zuzen ere, oraingoan zein aurreko urteetan herriko jendearen parte hartzea eta kolaborazioa “oso garrantzitsua” izan dela nabarmendu dute: “Herriko jendeari, parte hartzaileei eta kolaboratzaile guztiei eskerrak eman behar dizkiegu. Hau pentsatu eta kudeaketa lana egin ahal duzu, baina gero herriko jendeak lagundu egin behar du. Eta hori da gure azokaren eta mendi martxaren arrakastaren zati handi bat”. Zehaztu dutenez, aurtengoaren balorazio positiboa egin ostean, datorren urtekoan pentsatzen daude dagoeneko. 23.ena izan dute aurtengoa, eta 25. urteurrenerako zer edo zer berezia emateko asmoa daukate: “Ideiari bueltak ematen gabiltza, zerbait ikusgarriagoa egin gura dugu”.
Ekoizle berri batzuk eduki dituzte aurten, baina aldaketa handirik ez dute egin:” Beti diogun moduan, ondo doanari ez goaz aldaketarik egiten. Ondo irtetzen da eta egiten den moduan jendeari gustatu egiten zaio”.