Adnan Mustafic eta Nerea Murua izan dira Salome Campos itsas zeharkaldiko garaileak
Eguraldia lagun izan dute itsas zeharkaldian parte hartu duten 760 parte hartzaileek.
Jaietako giroan murgiltzeko prest, Bermeok beste urte batez bere baitan hartu du Salome Campos itsas zeharkaldiko proba. Eguraldiak lagunduta, adin guztietako igerilariak, emakumezkoak zein gizonezkoak, batu ditu kirol probak. Hain zuzen ere, aurton zazpigarrenez egin duten Salome Camposek 760 igerilari izan ditu.
Proba luzeraren araberako hainbat zeharkalditan banatu dute. Distantzia luzeena egin dutenek 5.000 metro zeharkatu dituzte igerian, herriko portutik Izaro uharteraino joan etorrian eginez. Beraiekin batera 1.500 eta 500 metroko zeharkaldian parte hartu dutenak ere egon dira. Azken hori umeei zuzendutakoa izan da.
Hainbat izan dira ehunka igerilari horiei animatzeko portuan batu diren herritarrak. Animatu dutenen indar hori beharrezkoa izan dute proban parte hartu dutenek; asko eta asko izan dira portura heltzerakoan nekatuta, baina irribarretsu agertu direnak, jasotako animoei eskerrak emateko keinuak eginez bertakoei.
Aurtengo podiuma aurpegi berri zein zaharrekin osatu da. Lehenengoz podiumera igo eta txapela eraman duen Sopela Igeriketa Swim taldeko Adnan Mustafic-ek ordubete, bi minutu eta hogei segundo behar izan ditu zeharkaldi luzeena gauzatzeko. Lasterketako gizonezko irabazlearen sariagaz 5.000 metrotako senior mailako saria ere jaso du Mustafic-ek.
Emakumezkoen kasuan berriz, Nerea Murua zarauztarrak lortu du txapela janztea gaurko proban. Ordubete, hamazortzi minutu eta zazpi segunduko markagaz nagusitu da master plus mailan zein emakumezkoen sailkapen orokorrean.
Gizonezkoen podiuma Ion Mujikak (1:04:34) eta Alex Ojangurenek (1:05:56) osatu dute bigarren eta hirugarren eginda, hurrenez hurren. Mujikak iaz proba berberan garaipena lortu bazuen ere, aurten bigarren postua sailkatu da. Emakumezkoetan berriz, Leire Zeziaga (1:22:54) eta Margarita Avila (1:23:09) izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak gaurko proban.
Lehen bermeotarren sariak ere banatu dituzte 5.000 metrotako proban. Aaron Llorensek beste batez errepikatu du gizonezko bermeotarren saria jasotzen, eta emakumezkoen artean Josefa Suarezek lortu du garaipena.
1.500 metroko zeharkaldia. 1.500 metroko zeharkaldian parte hartu duten 284 igerilarien artean berriz, Bidasoa taldeko Xabier Aguilar eta Buruntzaldea taldeko Leire Martin izan dira garaipena lortu dutenak. Aguilar 17 minutu eta 45 segundotan heldu da helmugara; Martinek 18 minutu eta 59 segundo behar izan ditu berbera egiteko. Senior mailan aritu dira bi igerilariak.
Distantzia horretako gizonezkoen podiumean Ander Arruabarrena (0:18:28) eta Miguel Benito (0:18:48) sailkatu dira bigarren eta hirugarren. Emakumezkoetan aldiz, Maialen Sudupe (0:19:20) eta Ainhoa Martin (0:19:24) izan dira bigarren eta hirugarren postua lortu duten igerilariak.
1.500 metroko proban bermeotarrek ere izan dute beraien lekua sariak jasotzerako orduan. Leire Begoña Monasterio bermeotarrak jaso du emakumezkoen saria; gizonezkoena berriz Aimar Balenziagak eraman du.
Elbarrituentzako sariak ere banatu dituzte: Iñaki Erauskinek jaso du irabazlearena, Markel Goyak bigarren sailkatuarena, eta Richard Oribek hirugarrenarena.
Umeei zuzendutako proba. 5.000 eta 1.500 metroko distantzien aurretik, baina, umeei zuzendutako proba ere egin dute, zeinetan parte hartzaileek 500 metro egin behar izan dituzten igerian. Nesken artean Ines Lopez izan da irabazlea, hamar minutu eta zazpi segundoko marka eginez. Bere atzetik Irati Bengoetxea (0:10:08) eta Marta Lozano (0:10:09) izan dira.
Mutilen kasuan berriz, Alejandro Merinok lortu du garaipena hamar minutu eta 36 segundora. Urko Zugazaga (0:11:01) eta Uztaritz Lopez (0:11:19) izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak.
Bermeotarren artean berriz, Markel Barrenetxea eta Lorea Andrea Ferastrau saritu dituzte.
Aurten ere, aipatu saridunak ez ezik, kategoria guztietako irabazleak jaso dute saria emakume zein gizonezkoetan. Emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietako irabazleek, urtero legez, bere pisua jaso dute Campos kontserbako hegaluzeetan.