Txosnagunetik haratago
Txosnaguneko eskaintza sendotu eta herrira zabaldu dute Bermeoko Txosna Batzordeko kideek. Jaien elkarlanean antolatzerakoan jarritako oztopoak salatu dituzte.
Ahalik eta egitarau zabalena egitea eta txosnagunetik haratago joatea. Horiek izan dira Bermeoko Txosna Batzordearen asmo nagusiak aurten. Herriko jai nagusiak prestatzeko lan handia egiten dute batzordeko kideek, eta urtez urte gehiago dira bultzatzen dituzten ekimenak; aurten 30 ekintzatik gora prestatu dituzte.
“Hainbat urtetan gazteei zuzendutako egitaraua prestatu dugu, baina azken bi urteetan adin eta gustu guztietako herritarrak erakartzeko ahaleginak egin ditugu”, diote. Besteren artean, aurten lehenengoz egingo diren film laburren proiekzioak eta kontzertu akustikoak nabarmendu dituzte. Film laburrak Bekoportalan ikusi ahalko dira, eta kontzertua txosnagunetik kanpo egingo dute. Hori horrela, euren eskaintza herrira zabaltzea lortu dute: “Txosnagunetik kanpo, herriko beste puntu batzuetara gure eskaintza zabaldu gura izan dugu aurten, herriko egitarauari bestelako eskaintza emateko. Elektrotxaranga eta karaoke ibiltariagaz ere lortu dugu hori”.
Txosnaguneko eskaintzak ere sendotu dituzte. 500 lagunetik gorak eman du izena herri bazkarian egoteko, eta beste asko kanpoan geratu direla jakinarazi dute: “20 minututan bukatu ziren sarrerak”. Txosnagunean batuko dira bazkaltzeko, baina euria eginez gero, batzuk karpan eta beste batzuk, berriz, Taraskan bazkalduko dutela jakinarazi dute.
“Txosnagunetik kanpo, herriko beste puntu batzuetara gure eskaintza zabaldu gura izan dugu aurten”
Halaber, kuadrillen lehiaketa bigarrenez egingo dute aurten, eta momentuz zortzi taldek eman dute izena. “Iaz lehenengoz antolatu genuen lehia, eta aurten zortzi taldek izena ematea hasiera ona dela pentsatzen dugu”.
Espazio seguruen aldarria. Aurtengo andramarietan, espazio seguruak aldarrikatuko dituzte emakumeek, eta bigarren urtez, Brigada Moriek egongo dira txosnagunean. “Erasoen aurrean txosnek euren protokolo propioa dute, eta bigarren urtez, Brigada Moriek antolatu ditugu“. Hori horrela, txosnagunea gune aske eta segurua izateko ahalegina egingo dutela argi esan dute. Hala, mometu guztietan txosnagunean brigadistaren bat egotea dela asmo nagusia adierazi dute. “Asmoa ez da bakarrik babes emozionala ematea. Bertan gaudela esatea eta jaiak modu aske eta dibertigarrian gozatu nahi ditugula aldarrikatzea ere bada asmoa”.
Oztopoa udalean. Txosnek herrirako eta herritarrentzako lan egiten dutela diote batzordeko kideek, herrirako jai leloa jarraituz. Udalean, baina, hainbat oztopo topatu dituztela salatu dute.
Sektore desberdinen arteko elkarlanagaz antolatu gura dituzte festak, baina oraindik ez dutela horrelakorik eskuratu diote: “Udalagaz elkarlanean jarduteko aukera bikainak egon dira mahai gainean aurten, eta azkenean ez da ezer egin”. Kontzertuen antolaketa bateratuaren ideiagaz hasi zuten urtea, eta inoizko eskaintza anitzena lortu zutela diote, “bai genero, estilo zein hizkuntza aldetik”. Hala ere, proposamena ez dutela onartu eta ez dutelako inoren laguntzarik jaso salatu dute. “Txosna batzordeak hileetan burututako eta proposatutako lana kultura sailak atzera bota du, eta mila emozio negatibo sortu dizkigu: etsipena eta haserrea besteren artean”. Hala, herri borondateari kasu egin behar zaiola uste dute.
“500 lagunetik gorak eman du izena herri bazkarian egoteko, eta beste asko kanpoan geratu dira”
Gainera, udal gobernu talde guztiari txosnen ordutegia mugatzea salatu diote. “Azken momentuan udal gobernuari jaietako ordutegia murriztea otu zaio. Azkenean ordubete eskas murriztu badute ere, handia izan da gugan sortu duten ezinegona. Izan ere, erabaki hori udalak bakarrik hartu du, guk hainbestetan eskatu dugun elkarlan eta eztabaidako tarteei kasu egin barik”, argudiatu dute. Halaber, 2012. urtean udalak txosnen araudia egin zuela gogoratu dute, eta bertan txosnei dagozkien erabakiak elkarlanean hartu behar direla zehaztu zutela gogorarazi dute.
“Herriko jaiei egiten diegun ekarpena behingoz baloratzea eskatzen dugu, argudiorik gabeko inposaketak eta jarrera inmobilistak albo batera utzita eta elkarlanerako benetako baldintzak sortuz”, aldarrikatu dute Txosna Batzordeko kideek.
EGITARAUA: