Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernika-Lumon, zazpi lapurreta egitea leporatuta
Gaur goizaldean jazo dira lapurretak Gernika-Lumoko erdigunean. 19 urteko gazte bat eta 18 urteko bi gazte epailearen esku geratuko dira.
Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez, Gernika-Lumoko erdigunean zazpi lapurreta salatu dituzte gaur goizaldean. Azaldu duenez, hiru ostalaritza establezimendutara, beste hiru komertziotara eta gazteen lokal batera sartu dira lapurretan.
06:30ak aldera atxilotu dituzte. Jakitera eman dutenez, ordu horretan, Gernika-Lumoko Ertzain etxeko agenteak lekuko batekin lapurretei buruzko informazioa biltzen zebiltzan. Orduan, lekukoak, ingurutik pasatzen ari ziren bi gazte ezagutu ditu eta lapurreta baten egileak zirela adierazi die agenteei.
Hala, Ertzaintzak gazteak jarraitu eta horiek atxilotu ditu. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, minutu batzuk lehenago hirugarren pertsona bat atxilotu dute arrazoi berberagatik.
Atxilotutakoak aurrekari penalak zituzten 18 urteko bi gazte eta 19 urteko gazte bakarra izan dira. Izapide polizialak amaitutakoan epailearen esku geratuko dira.
Iturri berberak argitu duenez, lapurrek nagusiki dirua eta edari alkoholikoen botilak lapurtu dituzte. Hala ere, oraindik establezimendu desberdinen jabeen lapurtutako ondasunen salaketak jasotzera itxaroten ari direla azpimarratu dute.