23. Nekazal Azokak girotuko du Mendata, domekan
Euskal oiloen zein makineria eta abel erakusketak ere jarriko dituzte Eleizalde auzoan. Bestalde, Paresiko Iturbe Anaiak eta Muruetako Kamiñoko Erretegiaren ordezkariek idi proba dema lehiatuko dute.
23. Nezakal Azoka egingo dute Mendatan, etzi (irailak 8). Azoka gunean, gainera, euskal oiloen erakusketa egingo dute.
Ortuariak, gazta, txakolina, euskal pastela, eztia, ogia, kontserbak, landareak… dastatzeko edota erosteko aukera egongo da. Hain zuzen, 21 ekoizle eta hamabost artisau (eskulanak, bitxigintza, larrugintza, euskal jantziak, egur lanketa, euskal panpinak, euskal pilotak, osagarriak, zeramika) bertaratuko dira Mendatara.
Makinaria erakusketa eta abel erakusketa (zaldiak, behorrak, poniak, astoak, ardiak, ahuntzak…) ere egingo dituztela jakitera eman dute udal ordezkariek. Gainera, Gorriti eta bere animaliak ere egongo dira ikuskizuna emateko prest.
Bestalde, 12:30etik aurrera “norgehiagoka ikusgarria” eskainiko dutela iragarri dute. Paresiko Iturbe Anaiak eta Muruetako Kamiñoko Erretegiaren ordezkariak idi proban arituko dira frontoiko probalekuan.
Jan-edanik ez da faltako. Talo eta txorizo dastatzeko aukera eskaintzeaz gain, txerria burdintzian egindako pintxoak jan ahalko dira, 12:30etatik aurrera.