Zabalik da guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroetan izena emateko epea
Familia bidezko tranmisioa indartu edota Bermeora etorritako etorkinei euskara ikasteko aukerak eskaini nahi dituzte bi ikastaroekin.
Urtero egin modura, Bermeoko Udalak eta AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiek elkarlanean antolatzen dituzten guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi dute. Ikastaro batean zein bestean izena eman nahi dutenek irailaren 30era arte eman ahalko dute Berhaz bulegoan.
Horren berri emateko batu dira gaur goizean Aritz Abaroa Bermeoko alkatea, Maite Alvarez Euskara Saileko teknikaria, Iratxe Garmendia AEK euskaltegiko busturialdeko koordinatzailea, Leire Iñigo Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakaslea eta Miren Unzueta Hizkuntza Eskolako zuzendaria.
Alvarezek azaldu duenez, aipatutako bi ikastaroak “ez dira ohiko eskaintzetan sartzen direnak”. Hain zuzen ere, erritmo egokitua dutela nabarmendu du teknikariak. Euskaltegi bietako ordezkariak pozik agertu dira aurreko urteetan lortutako emaitzengatik, “oso onak” izan baitira.
Denentzako ikastaroak. Gurasoei zuzendutako ikastaroaren kasuan, AEK euskaltegiak “familia bidezko transmisioa bermatu eta euskara ikasteko erraztasunak ematea” ditu helburutzat. Garmendiak azpimarratu duenez, ikastaroak 120 orduko iraupena edukiko du, eta matrikulatzeko 20 euroko prezioa dauka.
Etorkinentzako ikastaroari dagokionez, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren eta udalaren arteko elkarlanetik jaiotakoa dela azaldu dute arduradunek. Ikastaroagaz euskaragaz kontakturik izan ez duten etorkinei hizkuntza ikasteko aukera eskaini nahi diete, “integrazio errazago bat izan dezaten”.
Bigarren ikastaro horrek ere 120 orduko iraupena izango duela aurreratu dute. Prezioaren aldetik, interesatuek 10 euroko matrikulazioa ordaindu beharko dute; ikas materiala 17 euroren truke eskainiko dute. Iñigok azaldu duenez, ikastaroan “komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da”. Horretarako HABEk garatutako Aisa metodologia erabiltzen dute.
Matrikula egiteko zein eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazio gehiago jaso nahi dutenek euskaltegietan jaso ahalko dute. “HABEk, udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten”.
Ikasturte berria. Hiru zentroek 2019-2020 ikasturterako matrikulazio kanpainaren berri emateko aprobetxatu dute. AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegien kasuan, izena emateko epea irailaren 30era arte zabalik egongo dela azaldu dute. Unzuetak, bestalde, hizkuntza eskolako izena emateko epea irailaren 17ra arte zabalik egongo dela jakinarazi du.
Udaleko zein zentroetako ordezkariek ikastaro desberdinetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, “euskara konexio elementua” izateko.