Izaro irlan aurkitutako hiru lehergailu modu kontrolatuan lehertu ditu Ertzaintzak
Gerra zibilean erabilitako 75 milimetroko lehergailuak aurkitu zituzten atzo goizean. Karga leherkorra zutenez, irlako faunan eraginik ez izateko eztanda eragin Lehergailuak indargabetzeko unitateko agenteek zuten.
Gaur Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzo Ertzaintzako Lehergailuak indargabetzeko unitateko agenteek hiru lehergailu modu kontrolatuan lehertu zituzten Izaro irlan.
Iturri berberak azaldu duenez, atzo 10:20ak aldera SOS Deiak-eko kideek Izaron ikerketa ornitologikoa gauzatzen ari diren ikertzaileen deia jaso zuten. Ikertzaileek adierazi zutenez, jaurtigaiak ziruditen objektu batzuk aurkitu zituzten irlan.
Lehergailuak indargabetzeko unitateko agenteak Izarora bertaratu zirenean, 75 milimetroko hiru lehergailu zirela egiaztatu zuten, “gerra zibilean jaurtitakoak, ziur asko”. Horietako bi lehergailuen “hondakin partzialak” zirela adierazi du Segurtasun Sailak, baina hirugarren obusa “beteta” zegoela azaldu du.
Hirurek karga leherkorra edukita, eta gainera degradazio maila handia izanda, horien manipulazioa arriskutsua izan litekeela erabaki zuten agenteek. Horren ondorioz hiru lehergailuen eztanda kontrolatu bateratua eremu seguru batean gauzatzeko erabakia hartu zuten, irlako faunan eraginik ez izateko.