Sanbartolomeak, indarra hartzen doazen jaiak
Abuztuko azken egunean amaitu dituzte Errenteriako jaiak. Lau egunez gustu eta adin guztietarako ekintzez gozatu dute bertakoek. Azken urteetan gero eta jende gehiago hurreratzen ari dela zehaztu dute jai batzordekoek.
Tradizioari eutsiz, baina berritasunak sartuz prestatu dituzte jaiak Errenteriako jai batzordeko kideek azken urteetan, eta beste urte batez askotariko osagaiez bete-beteta ospatu dituzte San Bartolome jaiak.
Zapatuan piragua zeharkaldiagaz, kukañagaz eta trikipintxopoteagaz agurtu zituzten jaiak datorren urtera arte. 38 pertsonak egin zuten Laida eta Errenteria arteko zeharkaldia, “iaz baino jende gehiagok parte hartu zuen”. Kukañan abilezia erakusten, berriz, hamazortzi pertsona ausartu ziren.
Zapatuan zein aurreko asteburuan askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izan dute herritarrek. “Errenteriko jaiek azken urteetan gorantz egin dute. Jendea animatzen da, eta alde horretatik oso pozik gaude”, azpimarratu dute jai batzordearen ordezkariek.
Lagun arteko ibilaldia
Esate baterako, abuztuaren 25ean lagun arteko mendi ibilaldia egin zuten. Hirugarren urtez antolatu dute eta oraingoan 144 partaide batu ziren, iaz baino apur bat gehiago. 15 kilometroko ibilbidean, Ajangiz, Arratzu eta Mendatako hainbat txoko ederretatik pasatu ziren.
Hain zuzen ere, Kirol ekintzak ere askotarikoak izan dira: Klasiko bihurtu den txirrindulari lasterketa, zaldi ibilaldiak, estropadak, esku pilota partiduak… Gustu guztietarako eskaintzagaz osatu dute egitaraua.
Domekara arte parte hartu daiteke San Bartolome jaien argazki lehiaketan
Jaietako egun handian, San Bartolome egunean, eguraldia lagun izan zuten eta kalean giro itzela sortu zela nabarmendu dute jai batzordekoek. Dianagaz hasi zuten eguna, eta eguerdian 34 tortilla aurkeztu zituzten txapelketara. Kuadrillek tortillak prestatu bitartean, euskal dantzek zein kantek hartu zuten festa gunea.
Bestalde, bezperadan argazki zaharren erakusketa jarri zuten Gernikazarra Historia Taldekoen eskutik. Azken urteotan hutsik egin ez duen ekintza da, eta aipatu taldeko kideek antzinako argazkien azalpenekin osatzen dute erakusketa: “Ez da jende gehien batzen den ekitaldietako bat, baina ekitaldi kultural polita da; interesgarria”.
Gordetzearen garrantzia
Gaur egun jaietan ateratzen dituzten argazkiak ere gordetzen dituzte Gernikazarrakoek. “Oso baliotsuak direla azpimarratzen digute, etorkizunean horiek ere argazki zaharrak izango direlako”.
Gainera, aurtengo San Bartolome jaietako berrikuntzetako bat argazki lehiaketa izan da, eta domeka honetara arte luzatu dute parte hartzeko epea. 50 euroko balioa duen oparia jasoko du irabazleak.
Beraz, jaietan argazkiak ateratzen aritu zirenak lehiaketan parte hartzera animatu dituzte jai batzordearen kideek. Facebookera igo behar dute argazkia eta jai batzordearen profila izendatu. “Parte hartzeko erraza da. Nahi beste argazkigaz parte hartu dezakete herritarrek; ez dugu mugarik jarri”.