Arte eszenikoen topagunearen bizitasunak daukan kolorea
III. Kalerik Kale jaialdiak girotu du Mundaka abuztuari agur esateko. Kale antzerki jaialdiaren nortasuna azpimarratuz, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Eguraldiak asko lagundu ez arren, jendetza batu da udalerriko txokoak alaituz.
Ilusioa, poza, tristura, esperantza, etsipena, askatasuna, irrika… emozioak adierazteko modu asko daude. Berbakaz edo berba barik. Gorputzaren jarrerek eta mugimenduek, begiradek zein aurpegierek sentipenak helarazteko balio dute. Horixe erakutsi du beste behin Mundakan egin duten kale antzerki jaialdiak. III. Kalerik Kalek emozioz bete du kostaldeko herria. Jendetza batu da abuztuko azken egunean, eta udako hilabeteetan hain bizirik egon ohi den herriak are biziago agurtu du abuztua.
Talako zuhaitzak apaintzen hasi zuten zapatua. Ingurua dotore janzteaz gain, beste modu batera jaialdiaren parte izateko aukera eskaini zieten herritarrei. “Bakoitzaren barruko hori ateratzeko eta artista moduan ere kalerik kaleren parte izateko modu bat dela” zehaztu du Izaskun Agirresarobek. Jaialdia sentizea aitatu du. Zuhaitzak apaintzen iaz baino jende gehiago animatu zela dio, eta eguerditik gauera arte herria “bete-beteta egon” zela.
Abuztuari eta hein batean udari amaiera emateko modu berezia da mundakarrentzat eta udatiarrentzat. “Inguruko jendea gerturatzeko eguna ere bada. Helburu hori bete genuen”.
Euri tanten beldurrik barik ikuskizun guztiak eskaini ahal izan zituzten. Publiko zabalarentzako eskaintza ekarri du beste behin kale antzerki jaialdiak. Sortzaileak ere Euskal Herrikoak zein kanpotik etorritakoak egon dira beste urte batez. Izan ere, herri txikia izan arren, ahal duten neurrian eskaintza oparoa lortzen saiatzen dira. Lan gogorra egin dute aurtengo jardunaldia prestatzeko, baina emaitza ikusita gustura daude. Lortu dutenagaz pozik. Gainera, bi estreinaldi hartu ditu Mundakak. Argentinako Marionetas Anima teatrok han estreinatuta zeukan Sueños de Arrabal ikuskizuna, baina ez Euskal Herrian, eta Kataluniako Balusca taldearen Rar-en Euskal Herriko estreinaldia ere Mundakan izan da. Antolatzaieentzat ohorea izan da: “Ez da erreza izaten horiek lortzea. Jaialdiari garrantzia ematen diete halakoek. Normalean artistek jaialdi indartsuagoak edo sendotuagoak daudenak bilatzen dituzte estreinaldiak emateko eta beraz guretzat ohorea da”.
Askotariko agertokiak
Egoitzetara ere proposamen berriak eroan dituzte aurten. Kalea egoitzetara eroateko helburuagaz, iaz hasi ziren zaharren egoitzetan emanaldiak eskaintzen. Bigarren urtez jarraian, emaitza polita eman die ekimenak. “Batzuk egoitzatik irteten dira, baina beste batzuk ez daudelako oso ondo ez dira askorik irteten handik. Gure asmoa bilgune momentu bat sortzea da; herriko jendea bertara joatea. Polita da topagune hori ikustea. Eurentzat bizitasuna da. Jende berria ikustea, umeak bertan egotea…” azaldu du Agirresarobek. Jaialdia aberatsa da eta horixe da aberastasun hori edukitzeko ezinbesteko osagaietako bat.
Kalerik Kale jaialdiak hiru ildo nagusi dituela gogora ekarri du. Bata antzerkia bera kalean egitea da. Denontzako antzerkia izatea. “Ezer ordaindu barik antzerkiaren gozatzeko aukera denek izatea”.
Formakuntza ere bada euren ardatzetako bat. Jakintza zabaltzea eta jendeari barneratzeko aukera eskaintzea. Aurten, esaterako, aire akrobazia tailerra antolatu zuten abuztuaren 28 eta 29rako, baina azkenean ez zen atera. Halere, urtean zehar egiteko aukera aztertzen ari dira.
Gizarteratzea ere bada euren zeregina eta hori lantzen dute herriko bi egoitzetakoekin. Alabaina, aurrera begira beste pauso bat eman gura dute. Eskolara salto egiteko erronka daukate, antzerki mundua ezagutara emateko. Hain zuzen, sentsibilizazio jardunaldiren bat egitea darabilte buruan: “Antzezlan edo antzerki talde batearen atzean dagoena ezagutara emateko eskolara joan nahi dugu, beste modu batera baloratu dezaten. Ikuskizun baten atzean dagoen guztia ikustea nahi dugu. Artista moduan lan egitea zer den, publiko moduan zelan egon behar den…”. Sorreratik hiru zutabe nagusi horietan oinarrituta eraiki zuten eta urtez urte hobetzen, aberasten jarraitzea da antolatzaileen asmoa. Borobiltzea.
Eskualdeko zirko eskola
Gautegiz Arteagako Txitatoki zirko eskolakoek ere erakustaldia eman zuten arratsaldean. Bertan lantzen dutenaren aletxoa eroan zuten Mundakara. “Lehenengoz etorri dira; ezagunak dira, eta euren proposamena izan zen erakustaldia egitea, eta guk pozik hartu ditugu, zelan ez”, dio Agirresarobek. Izan ere, inguruko artistei euren lana zabaltzeko aukera ematea ere bada Kalerik Kalek jartzen duen hazia. Eskualdeko zirku eskola bakarra ikustarazteko modua izan da. “Txikitatik halako gauzak egin ahal direla erakusten dute. Egia da zirkoa kanpoko gauza bategaz erlazionatzen dela. Euskal Herrian nahiz eta zirko talde asko egon ez da hain ezaguna edo ez dago hain baloratuta. Zirkoa gure kulturaren parte izan daitekeela hausnartzeko ere balio izan du”.
Bestalde, bolondresen lana ezinbestekoa dutela nabarmendu dute antolatzaileek, eta datorren urterako bolondres moduan parte hartzeko gonbidapea luzatu dute: “Eurek barik ezin da egin Kalerik Kale. Atzetik lan handia dago. Laguntzaileei ere eskerrak eman behar dizkiegu; Mundakako hainbat dendak eta tabernak diruz lagundu gaituzte, baita egoitzek ere. Gainera, hau aurrera eramateko herriaren gozamena eta nahia ere horretan ikusten da”.