Bermeoko bonoak kanpainak aurreikusitako helburuak bete dituela azpimarratu du udalak
Bigarren urtez egin duten tokiko kontsumoa bultzatzeko ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin dute. Bermeoko 94 dendak bat egin dute kanpainagaz.
Tokiko kontsumoa eta herriko merkataritza bultzatzea helburu dituen Bermeoko bonoa kanpainaren emaitzak “oso onak” izan direla adierazi dute udal ordezkariek. Kanpainagaz aurreikusitako helburuak betetzea lortu dutela diote, eta beraz, balorazio positiboa egin dute.
Bermeoko txiki erdi enpresen Berton elkarteagaz lankidetzan, bigarren urtez burutu dute ekimena, eta oraingo honetan, 94 saltokik (ileapaindegiak, arropa dendak, farmaziak, zapata dendak, estetika zentroak, harategiak, fruta dendak…) bat egin dute kanpainagaz: “Maiatzaren 2tik ekainaren 1era 132.047,32 euroko erosketak egin dira Bermeoko saltoki parte-hartzaileetan. Udalaren helburuetako bat da tokiko kontsumoaren alde egitea, horrek gure herriko merkataritza sustatzen duelako eta herriko merkataritzak bizia, garapena, enplegua eta bestelako onurak ematen dizkiolako gure herriari”.
Moda, elektroniko eta dekorazio sektoreetan eragin du batik bat kanpainak; herritarrek horietan egin dituzte erosketa gehien. Bermeoko Udalak 13.651,24 euroko inbertsio egin du ekimen honetan; “12.500 euro bonoen diru-laguntzarako izan dira eta gainerakoa kudeaketa zerbitzu, material, banaketa… gastuetarako”.
Herritarrek 10 euroren truke bonoa eskuratu eta 15 euro izan dituzte dendetan erosketak egiteko. 2018ko kanpainan bonoak metagarriak izan ziren elkarren artean. Hau da, esate baterako, 60 euroko erosketa bat lau bonorekin ordaindu ahal izan zuten erabiltzaileek. 2019ko kanpainan, ostera, erosketa bakoitzeko, gehienez, bi bono erabili ahal izan dituzte herritarrek. Erabaki hau herritarrek bonoak saltoki gehiagotan erabiltzeko hartu zutela zehaztu zuten kanpainaren aurkezpenean.
Iazko eta aurtengo kanpainaren arteko konparazioa egin dute. 2018ko datuekin alderatuta, aurtengo kanpainan “mugitu den diru kopurua askoz handiagoa” izan dela azpimarratu dute udaletik. 2018ko kanpainan 2.500 bono atera zituzten, eta horiekin mugitu zen diru kopurua 60.922,42 eurokoa izan zen. “Aurten 3.500 bono eskuragarri jarri ditugu, baina espero baino 46.047,22 euro gehiago mugitu dira herriko saltokietan. Guztira, 132.047,32 euro izan dira mugitu direnak kanpainak iraun duen bitartean”.