Oñati eta Arantzazu bitarteko urtegia eta Aitzuloko koba bisitatuko dute, domekan
Zapatura [uztailaren 27a] arte eman dezakete ineresatuek izena, eta horretarako bi telefono zenbaki luzatu dituzte Sollube 707 Bermeoko Mendizale Taldeko kideek: 619753198 eta 676620195.
Oñati eta Arantzazu bitarteko urtegira ibilaldia antolatu du Sollube 707 Bermeoko Mendizale Taldeak. Domekan [uztailaren 28a] goizeko 07:30ean batuko dira izena eman dutenak Zubiaur tar Kepa kaleko 30. zenbakiaren aurrean, Bizkaibus geltokian bertan.
22 kilometro inguru dituen ubide zahar bat igaroko dute, eta gero, Aitzuloko koba bisitatuko dute. “Ez da linternarik behar, zulo handi bat baita”. Ostean, Sandaili izenez ezagutzen den koba barruan dagoen San Elias ermitara ere joango dira. 16:30ak inguru hartuko dute Bermeorako martxa.
Gaur gaurkoz hemezortzi pertsonek eman dute izena, baina zapatura [uztailaren 27a] arte izango dute interesatuek oraindi k ere aukera. Horretarako bi telefono zenbaki luzatu dituzte: 619753198 (uneoro egongo da erabilgarri) eta 676620195 (gaur 20:00etatik 21:30era). “20 bat lagun espero ditugu”. Bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainerakoek 12 euro.
Hilero irteerak antolatzen ditu Sollube 707 taldeak, eta oraingoan, 2010. urtean Bermeon ibilaldia izan zenean egin zuten ibilbidea errepikatuko dute: “Parte hartzaileei bidea gustatu zitzaien eta horregatik erabaki dugu berriz egitea. Oso polita da, eta beroa egiten badu ere, pagadi artean joango garenez ez dugu arazorik izango”. Ubide bati jarraiki joango direnez, ibilbide “leuna” izango dela azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek.
Aitzuloko koban denbora asko emango dutela esan dute, izan ere, “ederra da, eta askok argazkiak ateratzeko aprobetxatuko dute”. Sandailiko kobak kondaira bitxi bat duela ere gogorarazi dute irteeraren antolatzaileek: “Bertako urak emankortasuna emateko gaitasuna duela esan ohi dute, emakumeek haurdun geratzeko izterrak bustitzen omen zituzten”.