Ibarrangeluko bi sexu erasoak gaitzetsi dituzte
Ibarrangeluko bi sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten atzo Ibarrangelun; herritar askok eta udal ordezkariek bat egin zuten. Epailearen aurrean deklaratu ostean aske utzi dute atxilotua.
Ibarrangeluko herriak, inguruetako bizilagunek zein udal ordezkariek Madalen Egunean Ibarrangelun izandako bi sexu erasoak gaitzetsi zituzten atzo. 20:00etan herriko plazan batu eta 15 minutuko elkarretaratze isilean bat egin zuten.
Ibarrangeluko Udaleko ordezkari guztiek aho batez gaitzetsi zituzten gertaerak, eta erasoak “irmoki” salatzen zituztela argi esan zuten. “Ibarrangeluko Udalak elkartasuna, babesa eta laguntza agertzen dizkie bi emakumeei, baita euren senitarteko eta ingurukoei ere”, aitortu zuten, eta beharrezko baliabide guztiak emakumeen eskura jarriko dituztela aitortu zuten, “eurek nahi duten neurrian”.
Horrez gain, emakumeei egindako edozein indarkeria motaren aurrean erabateko gaitzespena erakutsiko dutela esan, eta eraso matxisten aurrean zero tolerantzia eduki behar dela aldarrikatu zuten atzo iluntzean: “Gogorarazi gura dugu, Madalen Eguneko geraterak ez direla kasu isolatuak, izan ere, indarkeria matxista egotea ahalbidetzen duen sistema patriarkal oso bat dago atzean”.
Hori horrela, emakumeek indarkeria matxista barik bizi daitezen erakunde, elkarte eta herritarrek lanean jarraituko dutela aitortu zuten: “Udaleko politika publikoak horren mesedetan landuko ditugu; hau da, emakumeak indarkeria matxista barik bizi daitezen lan egingo dugu”.
Udaleko ordezkariek, gainera, herritarrak gonbidatu zituzten edozelako erasoren aurrean jarrera aktiboa izatera. Hala, emakumeek espazio publikoa erabiltzeko eta jaiez gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten.
Atxilotua aske. Martitzenean Gernika-Lumon atxilotu zuten, eta atzo aske utzi zuten Ibarrangeluko bi sexu erasoak leporatuta atxilotu zuten 25 urteko gizona; epailearen aurrean deklaratu ostean, libre kargekin utzi dute. Salaketaren berri izandakoan, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen.
Erasoak Ibarrangeluko ostatu batean gertatu ziren. Ertzaintzak jasotako salaketen arabera, emakume biak lotan zeuden Madalen jaietan egon ostean.
Gernika-Lumon, barikuan. Gernika-Lumoko Sare Feministak ere elkarretaratzea deitu du barikurako. 19:30ean Merkurion batzeko deia zabaldu dute.