Eako Txipiroi Swim itsas zeharkaldia lehiatuko dute zapatuan
11:00etan ekingo diote probari hondartzatik, baina eguraldi txarra baldin badago ibilbidea aldatuko dute eta moilaren inguruan arituko dira igerian. Gaztetxoenek hitzordua izango dute ere Txipiroitxu Swim proban.
Zapatuan [uztailaren 27a] Txipiroi Swim itsas zeharkaldia lehiatuko dute Ean. Laugarren urtez antolatu du Bira Birra Kirol Klubak proba eta eskaintzen zituzten 175 lekuak bete egin direla esan dute: “Hamar egunetan leku guztiak bete ziren. Badirudi modan dagoela era honetako proba fisikoetan parte hartzea”.
Urtero urtero eguraldiaren beldur izaten direla onartu dute antolatzaileek, izan ere, itsaso zakarrarengatik bertan behera utzi behar izan zuten proba orain dela bi urte, eta iaz ere arazoak izan zituzten: “Aurten ere igerilariek ez dute baldintza onik izango, horregatik B plan bat ere badaukagu. Eguraldi kaxkarra badago marea altuan lehiatuko dute, moilaren inguruan”.
Izan ere, laugarren ekitaldiko berrikuntza nagusia da itsas zeharkaldia hondartzatik bertatik hasiko dutela, eta gainera, 3 kilometro inguruko igeriketa saioa egin beharko dute parte hartzaileek, 11:00etan hasita.
Neoprenorik gabeko lehen hiru emakumezko zein gizonezko igerilariak sarituko dituzte, baita Eako lehen herritarra ere. La Salve babeslearen garagardoak, Camposek emandako produktuak emango dizkiete. Kynay Wearrk oparitutako arropak, Eako Bekale hotelean gau bat eta Aritza jatetxean bi pertsonentzako bazkaria ere zozketatuko dituzte. Azken sailkatuari teknika lantzeko igeriketa ikastaro bat ere oparituko diote.
Horrez gain, Txipiroi % 100 saria emango diete Txipiroi Extreme edota BTT probetan ere parte hartu dutenei. Gainera, Lehenengo beteranoak (gizon zein emakumezkoetan) Joxe Maria Ferariosek egindako Iutaku artelana jasoko du, jatorri japoniarrekoa.
Txipiroitxu Swim. Txipiroitxu Swim zeharkaldi ez lehiakorrean parte hartu nahi duten gaztetxoenek 300 metro egin beharko dituzte igerian, 11:05ean hasita. Oraindik ere, izena emateko aukera dago, izan ere, 50 leku zabaldu dituzte eta 35 daude gaur gaurkoz beteta. Haurrek egunean bertan izena eman dezakete, gurasoen baimenarekin. “Ez dugu beraien denbora aintzat hartuko. Helburua denek proba hasi eta bukatzea da”. Haur guztiei emango dizkiete sariak, gainera.
Probaren antolatzaileek herriko jendearen laguntza eskertu dute: “Giro oso polita sortzen da herrian”.