Denboraldiko bigarren zatiari ekingo diote arraun taldeek asteburuan
Eusko Label Ligako traineruek Santurtziko XL. Ikurriña lehiatuko dute zapatuan [uztailaren 27a], eta Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña domekan [uztailak 28]. Urdaibai seigarrena da sailkapen orokorrean, 81 punturekin.
Eusko Label Ligako arraun taldeek denboraldiko bigarren zatiari ekingo diote asteburu honetan. Zapatuan [uztailak 27] Santurtziko XL. Ikurriña eta domekan [uztailak 28] Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña lehiatuko dituzte. ETE Ligako traineruek, bestalde, erlojupekoa izango dute Colindresen, zapatuan, eta KAE 2ko hitzordua Getxon izango da, domekan.
Oriok lidertzari eusteko tartearekin hasiko du TKE Ligako bigarren zatia, izan ere, orain arte erakutsitako sendotasunak eta erregulartasunak sailkapen orokorreko lehen postuan irautea bermatzen dio. Atzetik lehia estua espero da, izan ere, 12 puntuko aldea ateratzen dio Zierbenari, baina honek hirugarren eta laugarren sailkatuak oso hurbil ditu. Hondarribia (97 puntu) eta Santurtzi (96 puntu) indartsu ari dira lehiatzen eta ez dute atzean geratzeko nahirik izango.
Elkarrengandik lau puntutara daude bostgarren sailkatua den Donostiarra (85 puntu) eta seigarrena den Urdaibai (81 puntu). Eta ostean, atzetik aurrerako bidea egiten ari den Ondarroa dago indartsu. Bi postu aurreratu zituen Sestaoko Banderan eta zazpigarrena da. 50 puntu ditu talde ondarrutarrak, baina Cabo (49 puntu) zein Kaiku (46 puntu) ez daude oso aparte. Sailkapen orokorreko beheko aldean ere tarteak txikiak dira. Mailaz igo berria den Isuntza hamargarrena da, 10 punturekin, eta Astillero (21 puntu) zein San Pedro (20 puntu) dira azken biak.
KAE 2 Liga. Tarte polita ateratzen dizkie Oriok (71 puntu) eta Castrok (66 puntu) Bermeo Bri (57 puntu), eta domekan Getxon lehiatuko duten estropada baliatu beharko dute hirugarren sailkatuek KAE 2 Liga irabazteko aukerak izan nahi badituzte. Busturialdea, bestalde, zortzigarren postuan dago, 34 punturekin, eta San Juan zazpigarrena puntu bakar batera badu ere, gorago salto egitea ezinezkoa izango zaie, ia 20 puntuko aldearekin lasai baitaude Getxo (53 puntu) laugarrena eta Portugalete (51 puntu) bostgarrena. Mutriku, aldiz, bederatzigarrena da, 19 punturekin, eta bi gutxiago dauzka Portu-Deustok.
ETE Liga. Gaur goizean Lekeitioko uretan lehiatu dute I. Uribarren Abaroa Sari Nagusia, eta zazpigarren egin du Isuntzak, Zumaia irabazlearengandik 19 seguntora. Ondarroa, aldiz, bederatzigarren izan da, minutu eta bost segundora. Zapatuko estropadaren aurretik, sailkapenak bere horretan dirau: Zumaia da liderra (81 puntu), eta Isuntza zazpigarren dago (45 puntu). Ondarroa, aldiz, bederatzigarrena da, 22 punturekin.