25 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Ibarrangelun bi sexu eraso egitea leporatuta
Gaur iluntzean erasoa salatzeko osoko bilkura egingo du Ibarrangeluko Udalak, eta elkarretaratzea deitu dute gaur 20:00etarako udaletxe aurreko plazan.
Ibarrangelun bi sexu eraso egitea leporatuta 25 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak atzo arratsaldean Gernika-Lumon. Ustez, Madalen Egunean Ibarrangeluko ostatu batean bi emakume erasotu zituen atxilotuak, eta biktimek erasotzailearen aurkako salaketa jarri dutela adierazi du segurtasun sailak.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, gizonezkoak goizaldean erasotu zituen bi emakumeak Ibarrangeluko ostatu batean. Salaketetan jasotakoaren arabera, emakumezkoak lo zeuden erasotzaileak erasotu zituenean, eta “inolako baimenik gabe euren oheetara sartuz” erasotu zituela adierazi du segurtasun sailak. Hala, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta, eta besteari sexu abusua egitea leporatuta atxilotu zuten.
Emakumezkoek emandako informazioagaz eta lekukoen laguntzagaz lortu zuen Ertzaintzak gizonezkoa atxilotzea.
Ibarrangeluko Udalak gaitzespen elkarretaratzea eta osoko bilkura berezia deitu ditu gaurko. 20:00etan egingo dute osoko bilkura, eta ondoren herritarren gaitzespen elkarretaratzean elkartuko dira udaletxe aurreko plazan.
Gernika-Lumon, barikuan. Gernika-Lumoko Sare Feministak ere elkarretaratzea deitu du barikurako ( uztailak 26). 19:30ean Merkurion batzeko deia zabaldu dute.