Euskal Herriko Junior Txapelketa lehiatuko dute Busturian, etzi
Madariaga dorretxean hasita 95,7 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek etzi. Momentuz 118 pertsonak eman dute izena, eta antolakuntzan jasotako laguntza eskertu dute antolatzaileek.
Junior mailako txirrindularien Euskal Herriko Txapelketa Ugaon lehiatu zuten iaz, eta aurten Busturian lehiatuko dute etzi. 10:30ean Madariaga dorretxean jarri dute irteerako ordua.
Guztira 95,7 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek. Busturiko dorretxetik aterako dira Gernika-Lumorantz, eta handik Ajangizerantz egingo dute bidea. Ajangiz zeharkatuta, Marmiz, Arratzu, eta Olesko pasatuko dituzte gero Muxikarantz joateko. Mungirako bidea egingo dute, eta Morga eta Errigoiti ere zeharkatuko dituzte. Arrietatik Gerekizera, eta berriro Muxikara eta Gernika-Lumora joango dira, gero Busturira bueltatzeko.
Momentuz, 118 txirrindularik eman dute izena, baina oraindik gehiagok parte hartuko dutela uste dute antolatzaileek. “140 pertsona inguru espero ditugu Euskal Herri guztikoak. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroatik gerturatuko dira, baita Iparraldetik ere”. Busturiko Txirrindulari Taldetik lau txirrindularik parte hartuko dute lasterketan, eta horien artean egongo da Lander Lartitegi gaur egungo txapelduna; titulua berresteko lan egingo du.
Antolaketa lanak. Dena prest dute dagoenerako. Herriko zein inguruko biztanleei antolakuntzarako laguntza eskatu diete, “ibilbide luzea denez, ibilbidean zehar zaintzeko toki asko daudelako”. Norbait laguntzeko prest egonez gero, antolatzaileekin hitz egin beharko dute. Gaur iluntzean batuko dira Busturian zaintza lekuak zehazteko.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete laguntzaile, babesle zein parte hartzaile guztiei.