Hormaetxea-Aldazabal eta Barandika-Ekhi bikoteek irabazi dituzte bigarren jardunaldiko partiduak
Etcheto lapurtarrak min hartu du beroketa saioan eta Mendizabalekin batera set bat jokatu badu ere, ezin izan du lehiatzen jarraitu, eta neurketa bertan behera utzi dute epaileek. Bestalde, gaueko bigarren hitzorduaren ostean, aurrelari gernikarra eta atzelari gasteiztarra hurrengo faserako sailaktu dira.
Gernika Jai Alai Grand Slamaren bigarren jardunaldia jokatu zuten zapatuan [uztailak 20] Eric Mendizabal-Etcheto eta Hormaetxea-Aldazabal [14-15] zein Egiguren-Inza eta Barandika-Ekhi [10-15, 14-15] bikoteek.
Gaueko bi neurketek ligaxka erdi erabakita utzi zuten, izan ere, lehenengo jardunaldiko partiduak galdu ostean, irabaztera behartuta zeuden Erik Mendizabal eta Etxeto bikotea batetik, eta Barandika eta Ekhi, bestetik. Lehen hitzorduko partidua bertan behera gelditu zen Etchetok min hartuta ezin izan baitzuen jokatzen jarraitu. Bigarrenean, aldiz, aurrelari gernikarrak eta atzelari gasteiztarrak partidua irabazi hurrengo faserako sailkatu ziren.
Gerriko minarekin ekin zion Ahetzeko atzelariak beroketa saioari, baina antolakuntzako kideekin batzartu ostean jokatzea erabaki zuen. Aurkariek lapurtarraren arazoen jakitun, pilota guztiak berari jaurti zizkioten eta ahal izan zuen moduan eusten saiatu zen. Hormaetxea eta Aldazabalek kontrolpean izan zuten neurketa: 3-5, 6-9, 9-14. Hala ere, behin betiko partidua bukatzen ez zuten asmatu, eta urduri jarri ziren ordura arte beti atzetik zetorren bikoteak 14na berdintzea lortu zuenean. Hormaetxeak izan zuen lehen aukera baliatu zuen horma-biko eder batekin behingoz falta zitzaien tantoa eskuratzeko. Etchetok minduta jarraitzen zuen eta bigarren seta ez jokatzea erabaki zuen, hala, partidua bertan behera utzi zuten epaileek eta ligaxkatik kanporatutako lehen puntistak bilakatu ziren bera eta Mendizabal.
Gaueko bigarren hitzorduan Barandika eta Ekhi dena ematera irten ziren, izan ere, norgehiagoka irabaztea beste aukerarik ez zuten txapelketan aurrera egin ahal izateko. Eta hala egin zuten, partidu serioa jokatuz. Egiguren-Inza bikotea baino gehiago izan ziren, eta hasieratik aurkariei aurre hartu zieten. Eroso bukatu zuten lehen seta (10-15), eta bigarrenean erritmoa pixka bat jaitsi zuten. Egigurenek eta Inzak partidua 14 tantotara berdintzea lortu zuten, baina Barandikaren tanto ebaki batek neurketa erabaki zuen. Ondorioz, bikotea hurrengo faserako sailkatu zen.