425 parte hartzaile batu dira Kortezubiko mendi martxan, inoiz baino gehiago
Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteko kideek azaldu dutenez, 300 bat lagun espero zituzten baina egunean bertan parte hartzaile asko animatu ziren.
425 pertsona batu ziren zapatuan [uztailaren 20a] XIV. Kortezubiko Mendi Martxan, “inoizko kopuru handiena”. Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteko kideek azaldu dutenez, 300 bat lagun espero zituzten baina egunean bertan parte hartzaile asko animatu ziren. “200 pertsonek eman zuten aurretiaz izena, eta beste horrenbestek egunean bertan.
Hasiera batean denentzako jan-edana egongo ote zen beldur azaldu baziren ere, antolatzaileek ez zuten arazorik izan anoa postuetan, eta mendi martxako partaide guztiek indarberritzeko jakiak eta edariak izan zituzten: “Helmugara iristean, gainera, ibiltariek txistorrak Kortezubiko txakolinarekin eta Lea-Artibaiko sagardoarekin dastatzeko aukera izan zuten”.
Parte hartzaileek egun aproposa izan zuten mendian ibiltzeko: “Ibilbide luzea egin zutenak 08:30ean abiatu ziren eta zerua lainotsu izan zuten, giro paregabea mendi martxaz disfrutatzeko”. 23 eta 10 kilometroko ibilbideak egin ostean, 100 parte hartzaile inguru gelditu ziren frontoian bazkaltzera, eta Eingo! taldeak musikaz alaitu zuen arratsaldea.