Pello Bilbao gernikarra bigarren sailkatu da Tourreko 12. etapan
Astana taldeko txirrindulariak etapa amaiera ikusgarria egin du Simon Yates britainiarra eta Gregor Mühlberger alemaniarrarekin batera, Pirinioetako lehen etapan.
Azken momentura arte emozio biziko etapa burutu dute gaurko hiru protagonistek. Pello Bilbao Lopez de Armentiarentzat bere lehen Tourra da aurtengoa, eta gaur bigarren sailkatuta, pauso garrantzitsua eman du Astana taldeko txirrindulariak. Simon Yates izan da etapa garailea (04:57,53); eguneko ihesaldiaren protagonistak izan diren Yates, Bilbao eta Gregor Mühlberger txirrindulariek sprint estua lehiatu dute azken metroetan garaipenaren bila.
Etapa amaitu berritan, Euskal Telebistari egindako adierazpenetan gernikarrak esan du halakoetan huts egitea ez zaiola gustatzen, eta azken erreleboetan indarrez justu ibili dela: “Helmuga gertu dagoenean eta halako talde txiki batean ez dut huts egiten. Indarrez oso justu joan naiz eta aukerak pixka bat murritzak ziren zerbait egiteko. Azken bihurgunean saiatu naiz nire kartak ondo jokatzen, baina beste biak oso azkarrak dira eta ezin izan dut ezer egin”.
Pirinioetako lehen etapa izan da gaurkoa (209,5 km). Eguneko ihesaldian sartu da Bilbao, beste 39 txirrindularirekin batera. Hiru mendate izan dituzte eta lehen mailako lehena (Peyresourde) igotzen hastean bost minututik gorako errenta lortu du taldetxoak pelotoiarekiko.
Ihesaldiko txirrindulariek erasoari ekin diote 40ko taldetxoa txikitzeko asmoz. Yates britainiarra izan da oldarkorrena, eta Mühlberger alemaniarrak jarraitu dio. Atzetik aurrerako lasterketa egin du Bilbaok, izan ere, aurretik zituen bi txirrindulariak goitik beherakoan harrapatu eta elkarrekin egin dituzte azken kilometroak. Minututik gorako tartearekin zetorren bigarren taldetxoa, eta behin Hourquette d’Ancizan gaina igarota ezinezkoa izan zaie hirukotea harrapatzea.
Pelotoiak eguna lasai hartu du; lasterketa buruak zortzi minutu inguruko errenta mantendu du pelotoiarekiko. 200 metro faltan Yatesek abiarazi du sprinta eta Bilbaok oso ondo eutsi badio ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Sailkapen orokorrean, 57.en dago gernikarra; Julian Alaphilippe liderrarengandik 36 minutu eta sei segundora.