Luhusotik Gernikarantz abiatuko da bihar Orain Presoak txirrindulari itzulia
Elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo diren bi herri batuko dituzte bihartik domekara bitartean txirrindulariek. Espetxe politikagaz bukatzeko eta salbuespen neurriak "behin betiko" bertan behera uzteko noranzkoan emango dituzte pedalkadak.
Iaz Mont de Marsan (Frantzia) eta Zaballako (Araba) kartzelak lotu ondoren, aurten Luhusotik (Lapurdi) Gernika-Lumora egingo du Sarek bizikleta martxa. Bihar 10:30ean abiatuko da Orain Presoak itzulia, eta elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo diren bi herri batuko dituzte txirrindulariek.
Luhuson eman ziren ETAren armagabetzearen eta desegitearen lehen urratsak, “gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo” bihurtuz herria. Bertatik, Gernika-Lumora joango dira, bizikidetzaren eta bakeareen eredu den herritzat ezagutzen denera; hiru eguneko ibilbidearen ondoren, domekan iritsiko dira.
“Oraindik orain, biktima guztiak eta espetxeen auzia askatuko duten akordiorik gabe, Euskal Herrian ezin dugu bake integral eta egiazkoaz hitz egin”, ohartarazi dute antolatzaileek, eta egoera horrek elkarbizitza ahalbidetzeko esparruak sortzea zailtzen duela diote. Hala ere, elkarbizitzarako aldarriari eutsi eta hori lortze bidean lanean jarraitzen dute: “Herri gisa norabide horretan aurrera egin gura dugu”.
Horretarako, espetxe politikagaz bukatzeko eta salbuespen neurriak, “behin betiko”, bertan behera uzteko noranzkoan emango dituzte pedalkadak, “euskal presoek egun oraindik bizi dituzten urraketak landuz”. Gogora ekarri dutenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 254 presoetatik, %65 600 kilometro baino urrunago daude, eta beste %21, berriz, 400 eta 600 kilometrora arteko tartean.
Pedalkadaz pedalkada. Hiru etapatan burutuko dute ibilbidea eta bakearen aldeko aldarria Euskal Herriko herrietan zehar zabalduko dute. Luhusotik Zarautzera joango dira gaurkoan, eta Zarautz eta Lekeitio lotuko dituzte bihar. Horretarako, Lea-Artibaiko zenbait herri zeharkatuko dituzte. Azken etapan, berriz, Lekeitiotik atera eta Munitibarrera joango dira. Handik, Gernika-Lumon bukatzeko. 12:00etan Oleskon egingo diete harrera, eta herritik ibili eta gero, ekitaldian batuko dira Astran.
Iaz, Mont de Marsan espetxea eta Zaballako espetxea batu zituzten. Mont de Marsan Bakegileek frantziar estatuarekin abiatutako prozesua dela eta aukeratu zuten, “Lannemezaneko espetxera euskal presoak gerturatzeko hartutako erabakiaren sinbolo gisa”. Zaballa, berriz, Espainian gerturatze horiek emateko beharra irudikatzeko eta sakabanatuta dauden euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzeko aldarrikatzeko aukeratu zuten.
Egitaraua
Bihar. Luhuso – Zarautz
10:00. Itzuliaren hasierako ekitaldia.
10:30. Hasiera (Luhuso, Ezpeleta, Azkain, Urruña, Donibane Lohitzune eta Hendaia).
13:30. Irun Ficoba, bazkaria.
15:00. Irteera Iruñatik.
16:15. Donostian atsedena.
18:30. Zarautzera iritsi.
Etzi. Zarautz – Lekeitio
10:00. Irteera Zarautzetik.
10:30. Getaria-Zumaia-Deba.
12:00. Debatik pasatu.
14:00. Bazkaria Elgoibarren.
15:30. Irteera Elgoibartik.
16:30. Markina-Xemeinera iritsi.
17:30. Lekeitiora heldu.
Domekan. Lekeitio – Gernika-Lumo
9:00. Irteera Lekeitiotik.
10:00. Munitibarretik pasatu.
12:00. Gernika-Lumora heldu.
12:30. Ekitaldia Merkatu plazan.
14:30. Bazkaria Astran.