Hamalaugarrenez egingo dute Kortezubiko mendi martxa, zapatuan
Hamalaugarrenez egingo dute Kortezubiko mendi martxa, zapatuan. 08:30ean ekingo diote 23 kilometro dituen ibilbide luzea egin nahi dutenek martxari, eta bi ordu beranduago irtengo dira 10 kilometroko ibilbide laburra osatuko dutenak. Ostean, herri bazkarian batuko dira parte hartzaileak, eta Eingo! taldeak alaituko du giroa.
Elizaldetik irtengo dira zapatuan XIV. Kortezubiko Mendi Martxan parte hartuko duten ibiltariak. 08:30ean ekingo diote 23 kilometro dituen ibilbide luzea egin nahi dutenek, eta bi ordu beranduago 10 kilometroko ibilbide laburra osatuko dutenek. Gaur gaurkoz 225 pertsonek eman dute izena, baina egunean bertan ere izango dute aukera, nagusiek 10 euro eta 12 urtera arteko gaztetxoek 6 euro ordainduz. “300 bat lagun espero ditugu, ez gehiago. Eta guk ere hala izatea nahi dugu, izan ere, ez da proba puntuagarri bat, nahiz eta orain dela urte batzuk eskaera jaso genuen”, azaldu dute Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteko kideek.
Mendi martxan parte hartuko dutenek bazkari herrikoia izango dute ostean frontoian, Eingo! musika taldeak alaituko du giroa, eta antolatzaileek adierazi dutenez, “familiartean igarotzeko egun oso polita” izango da aurtengo ekitaldia ere. “Haurrek bazkaria doan izango dutenez, gurasoek ere ez dute gastu askorik izango, horregatik, plan ederra izaten da 20 euroren truke Kortezubiko martxa egitea eta gero elkarrekin bazkaltzea. gainera egun eguzkitsua espero ez badugu ere pozik gaude euririk ez baitu egingo”.
Ibilbideak. Bi ibilbide izango ditu aurten ere mendi martxak, hala, “adin guztietako pertsonek” parte hartu ahalko dute. Luzea aukeratzen dutenek, iaz bezala San Miguel igo beharrean, Arrola gaina izango dute punturik gorena, eta gogorrena: “Beste tarteak nahiko eramangarriak dira”. Laburra egingo dutenek, aldiz, Belendizen dagoen San Lorentzo baseliza inguruan izango dute desbideraketa, eta ezkerretara jo ostean Kortezubira bueltatuko dira. Gainerakoek goranzko biea jarraituko dute Omara iritsi arte.
Ibilbideetan hainbat anoa postu izango dituzte parte hartzaileek. Arrolan jan-edana hartu ahalko dute ibilbide luzeko ibiltariek, eta gainaren aurretik zein ostean baita edaria ere. Ibilbide laburrean postu bana izango dute Belendizera iritsi aurretik zein ostean. Elizalden, gainera, txistorrak, txerrikiak, txakolina eta sagardoa dastatzeko gune bat ere izango dute. Helmugan mendi martxaren kamiseta bat oparituko diote parte hartzaile bakoitzari.
Aitzindariak eskualdean. Hamalau urte daramatzate Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteko kideek Kortezubi inguruetan martxa antolatzen. Beraien lehen asmoa herria ezagutzera ematea izan bazen ere, urteak igaro ahala konturatu dira parte hartzaile askok ez dutela hori baloratzen: “Ibilbideak hainbat arinen egitea izaten dute helburu”.
Horrez gain, antolatzaileek azpimarratu dute beraiek izan zirela “bi ibilbideko mendi martxak prestatzen lehenak”. Aitzindariak izan ziren: “Garai hartan askok uste zuten laburrak ez zuela askotarako balio, baina familiartean haurrekin egiteko moduko ibilbidea aldarrikatu genuen”. Ordutik aurrera inguruko herri askok beraiek emandako pausoa jarraitu zutela gehitu dute. “Gainera, konturatu gara ibilbide laburrera jende gehiagok ematen duela izena”.