Hamabigarrenez irabazi du Urdaibaik Bizkaiko Traineru Txapelketa
Lekeition lehiatu dituzte gizonezko eta emakumezkoen probak. Talde bermeotarrak Santurtzi eta Zierbena garaitu ditu, eta Kaiku nagusitu da emakumezkoen proban.
Hamabigarren aldiz lortu du talde bermeotarrak Bizkaiko Txapelketa irabaztea. Badirudi denboraldi hasieran emandako itxura kaxkarra iraganeko kontuak besterik ez direla, izan ere, aurreko igandean [uztailaren 14a] lortutako bigarren postuaren ostean, indarberituta ekin zion Urdaibaik atzo lanari. Emakumezkoen proban Kaiku nagusitu zen, iaz bezala.
Hirugarren txandan itsasoratu zen Urdaibai aldamenean Santurtzi, Zierbena eta Kaiku zituela, eta beraien arteko lehia estua espero zen. Hala ere, lehen ziabogan jada tarte polita atera eta hurrengoetan ondo mantenzten jakin zuen talde bermeotarrak. 20minutu 56 segundu eta 41 ehunenetan ezarri zuten irabazleek denbora, eta zortzi segundu gehiago behar izan zituen Santurtzik.
Hirugarren luzera arte Zierbenak estu hartu zuen biagrren sailaktua, baina 10 segundotako tartearekin helmugaratzea lortu zuen. Kaiku, aldiz, hasiera hasieratik atzean gelditu zen eta sailkapenean Ondarroak hartu zion aurre. Bigarren txandan gailenduz, probaren irabazleek baino 31 segundo gehiago behar izan zituen talde ondarrutarrak, eta uztailaren 31n Hondarribian lehiatuko duten Euskadiko Txapelketarako sailkatu dira.
Etxeko taldeak, Isuntzak, maila ona eman zuen, eta horren adierazle da lortutako seigarren postua. Arkote, Deustu, Busturialdea, Getxo eta Portugalete izan zituen atzetik. Busturialdea lehenengo txandan lehiatu zen, eta urdaibaik baino 3 minutu gehiago behar izan zituen helmugan.
Emakumezkoen proban, txapelketa hasi eta bukatu jaun eta jabe izan zen Kaiku (12:26,05). Bigarren sailkatutako Deusturi 12 segundo atera zizkion, eta bikoitza Ondarroari. Isuntza izan zen laugarrena, irabazlearengandik 32 segundora. Lauek parte hartuko dute Euskadiko Txapelketan.