Gernika Jai Alai Grand Slamaren bigarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan
Eric Mendizabal-Etcheto bikoteak Hormaetxea eta Aldazabal izango ditu aurrez aurre Jai Alai frontoian. Gaueko bigarren hitzorduan Barandikak eta Ekhik Egiguren-Inza bikotearen aurka jokatuko dute.
Gernika Jai Alai Grand Slameko ligaxkaren bigarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan [uztailaren 20a] Jai Alai frontoian. 21:30ean hasita, Erik Mendizabal-Etcheto bikoteak Hormaetxea-Aldazabal izango du aurrez aurre gaueko lehen hitzorduan. Ostean, aldiz, Barandikak eta Ekhik Egiguren-Inza bikotearen aurka jokatuko dute.
2019ko Grand Slamean lehen partidua jokatuko dute Hormaetxea-Aldazabal eta Egiguren-Inza bikoteek. Aurkariak bezala, irabaztera irtengo dira Jai Alai frontoira, izan ere, lehen jardunaldian garaile izan ziren puntistak izango dituzte uztailaren 27ko partiduetan aurrez aurre, txapelketa irabazteko faboritoak hain zuzen ere, eta etorkizunean aukerak izan ditzaten lehen puntua bermatu beharko dute zapatuan.
Laugarren urtez jarraian, elkarrekin jokatuko dute Gernika-Lumon Hormaetxea bermeotarrak eta Aldazabal berrituarrak. Hormaetxeak txapelketako aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, oso ondo konpontzen dira elkarrekin, eta bien arteko hartu-emanean nabarituko dela ziur dago. Puntista guztien maila ona nabarmenduz, partiduetan “dena eman” beharko dutela azpimarratu zuen, gainera, bermeotarrak.
Aurten lehenengoz ezarri duten ligaxka sistemari esker, Barandika-Ekhi eta Eric Mendizabal-Etcheto bikoteek txapelketan aurrera egiteko azken aukera izango dute. Izan ere, formatu berriak lehen partidua galduta ere txapelketan bizirik mantentzea ahalbidetzen du, hala kanporatuak ez izateko bigarren jardunaldiko partiduak irabazi beharko dituzte.
Aurreko zapatuan neurketa parekatua lehiatu zituzten bi bikoteek. Barandikak eta Ekhik lau puntuko aldeagatik baino ez zuten galdu Beaskoetxea eta Lopezen aurka. Bestalde, Mendizabal aurrelariak egindako tanto ikusgarriak eta Etchetok atzean erakutsi zuen sendotasuna ez ziren nahikoa izan iazko tituluaren irabazleak, Goikoetxea- Lekerika bikotea, garaitzeko.
Grand Slamaren biagrren jardunaldiko sarrerak eta txartelak sarean edota frontoiko leihatilan eskuratu ditzateke zestazaleek.