Euskara entzunda, ikusita eta usainduta ezagutzeko erakusketa
Euskara Ibiltaria erakusketa irailaren 17ra arte egongo da ikusgai Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasean egindako ikerketaren emaitzak biltzen dira bertan.
Orain ia lau hamarkada, 1984. urtean, hasi zen Euskaltzaindia euskararen hizkuntz-atlasa eratzeko lanak egiten. Galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu zuen ordu hartan.
Horrela hizkuntzaren datu eta informazio guztia biltzeko modu bat eratu zuten. Galdesortekin euskararen lexikoari, fonetikari, morfologiari eta sintaxiari buruzko galderak egiten hasi ziren. Galdesorta horiek egiteko 145 herri hautatu zituzten guztira: Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36. Nafarroako Foru Erkidegoan berriz, 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.
Ikerketa horretatik jaio zen gaur egun Euskararen Herri Hizkeren Atlasa izenagaz ezagutzen den egitasmoa. Hortik oinarrituta, berriz, Euskaltzaindiak Euskara Ibiltaria izeneko erakusketa sortu zuen. Beste hainbat udalerritan egon ostean, erakusketa Bermeoko Arrantzaleen Museoan egongo da ikusgai irailaren 17ra arte. Gainera, egitasmoak hainbat berrikuntza dakartza.
Inkesta erraldoia. 1987. urtean hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten eta bost urteren ondoren amaitu zuten. 1993an berriz, inkestatan jasotako datuak informatizatzeko lanagaz hasi ziren.
Egitasmoagaz “tokian tokiko hizkuntza erregistroak bildu, sailkatu eta era kontsultagarrian erabiltzaileen eskura jartzea” da euskaltzainen helburua. Hori egiteko, “nazioartean homologaturiko metodologia baten bidez”, lexikografia eta gramatika jorratzen dituen aipatutako inkesta erraldoia egin zuten.
Horien artean, Txomin Bilbao bermeotarrari egin zioten inkesta. Arrantzaleen Museoan erakusketa aurkezterakoan egindako lanagatik aipamena egin zioten Bilbaori. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak adierazi zuenez, bera da Bermeoko “euskeraren ahotsa; bera izan da bermeotarron ordezkaria”. Hori dela eta, ikerketa lanean bermeotarren lekua “bermatuta” dagoela azpimarratu zuen.
Bildutako informazio eta datu guztiak gaur egun berriz biltzea ezinezkoa izango litzateekela diote egitasmoaren arduradunek: galdesortan 3.000 galdera inguru zituzten arren, lekukoari egindako galderen kopurua askoz handiagoa izan daitekeela diote; hori dela eta, egitasmoak duen “balio handia” nabarmentzen dute.
Galdeketa horien azken emaitzak bilduta, X. liburukia aurkeztu zuten aurten egindako II. Nazioarteko Dialektologia biltzarrean. Liburuak 239 mapa erakusten ditu, eta hainbat esparru jorratzen ditu: besteak beste, jokoak, kirolak, gorputzeko gabeziak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte bizitza, erlijioa eta lana.
Erakusketa interaktiboa. Xarles Bidegain euskaltzainak eta EHHA egitasmoaren arduradunak erakusketaren aurkezpenean esan bezala, “ikusi, entzun eta usaindu daitekeen erakusketa da Euskara Ibiltaria”. Izan ere, erakusketako panelekin batera jarduera interaktiboa eratzeko egitasmoa egin dute oraingoan: bertara hurreratzen denak zentzumen guztiekin parte hartzeko aukera edukiko du.
Bidegainen berbetan, Euskaltzaindiaren lanaren helburua “euskara leku batetik bestera nola aldatzen den erakustea eta deskribatzea” izan da. Erakusketak 54 mapa interaktibo biltzen ditu. Horietan, berba desberdinen eremuak azaltzen dira: esaterako, ortzadar berbak eremu desberdinetan hartzen dituen izenak azaltzen ditu erakusketak. Euskal mitologiako Ortzi jainkotik hasita, kristautasunetik ere eratorri zen berba eremu batzuetan, erromako zubi bezala izendatzen baita.
Mapekin batera zentzumenekin jokatzen duten lau joko eta puzzle bat biltzen ditu erakusketak. Leku desberdinetako bizilagunen ahotsak ere entzungai daude, eremu bakoitzeko euskara belarriaren bidez ezagutu ahal izateko. Erakusketa lau hizkuntzatan bizi daiteke: euskaragaz batera, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez gozatzeko aukera dago. Hala izanik, herritar guztiei Euskara Ibiltaria erakusketara hurreratzeko gonbita egin diete antolatzaileek, “Euskal Herri osotik ibilbidea egiteko aukera ematen duen erakusketara”.