110 ikusle batu ditu Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiak
Gorefestek bere XIX. Zinemaldia goi-goitik igaro zuen barikuan.
Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiaren “balorazio ona” egin du Spookypheria Productions elkarteak. Zinema jaialdia tradizio bilakatu da herrian, eta beste batez Nestor Basterretxea aretoko jesarlekuak betetzea lortu du. Guztira 110 ikusle inguru batu ziren barikuan.
Iñigo Atxa Spookypheria Productions elkarteko kidearen berbetan, “aurreko jaialdietan baino ikusle gutxiago” izan dute oraingoan, “baina oso kopuru txikiaren kontua izan da”.
Bertaratu zirenek hamabi film labur eta film luze bakarragaz gozatzeko aukera eduki zuten. Orokorrean, publikoaren erantzuna “oso ona” izan dela azpimarratu du Atxak, eta prestatu zituzten proiekzioek “harrera ona” izan zutela. “Beldurrak eragindako oihuekin batera barre algarak ere entzuten ziren aretoan. Ikusleek oso ondo pasatu zuten jaialdiagaz, eta hori izan da guk bilatzen genuena”.
Izan ere, jaialdiaren ardatza beldurrezko filmak diren arren, publiko mota zabal batentzako aproposa den filmen zerrenda osatu dute elkartekoek, “ahalik eta jende gehiagorengana heldu asmoz”. Ikusleek ondo pasatu zuten aretoan izandako animazio aktoreekin ere.
Datorren urtera begira, jaialdi berezia prestatzeko gogoa agertu dute antolatzaileek. Ez da gutxiagorako, urteurren berezia izango baita Gorefestentzat. Zinemaldiak 20 urte beteko ditu, eta ibilbide luze horretan bizitako esperientziak eta ezagututako pertsonaiak gogora ekarri eta haiekin aparteko zerbait sortzeko asmoagaz dabiltza Spookypheria Productionsekoak.
Hala ere, aurretik urtebete dutela azpimarratu dute, eta oraindik dena antolatzen hasi aurretik atsedena hartzeko unea heldu zaie elkartekoei. Lasaitasun une horregaz era ezin hobean hasi eta indarrak berreskuratzeko, domekan Gorefestekin lortutakoa ospatzeko barbakoa egin zuten elkarteko kideek.