Lointek Gernikak Nissan Al-Qazeresen kontra hasiko du liga
Dia Ligaren egutegia jakitera eman dute gaur, eta talde gernikarrak urriaren 9an jokatuko du etxeko lehen partidua. Open Day-agaz hasiko dute liga irailaren azken asteburuan, baina oraindik ez dute lekua aukeratu.
Lointek Gernikak Sant Adria talde kataluniarra 42-77-ko emaitzagaz mendean hartuta hasi zuen 2018-2019 denboraldia, eta hurrengo denboraldian, berriz, Extremadurako Nissan Al-Qazeres izango du lehen aurkaria. Irailaren azken asteburuan (irailak 28 eta 29) lehiatuko dute lehen jardunaldia, eta azken denboraldietan legez, Open Day-an batuko dira Emakumezkoen Ligako talde guztiak.
Gaur jakitera eman dute 2019-2020 denboraldiaren egutegia (goizean egin dute zozketa), baina, oraindik ez dute zehaztu Open Day-a non egingo duten. Talde gernikarrak urriaren 9an (eguaztena) izango du etxeko lehen partidua; Dia Ligara igo berri den Ciudad de los Adelantados talde kanariarra hartuko du Malosten.
Hain zuzen, Mario Lopez entrenatzaile gernikarraren berbetan, etxeko partiduetako emaitzak hobetzea izango da taldearen erronketako bat: “Denboraldi amaierako etxeko azken hiru partiduak galdu genituen. Ustez, lehen itzulian ligako hiru talde indartsuenak direnen kontra etxetik kanpo jokatzeak, Malosteko partiduetan talde sendoa izan beharra eragingo digu”. Lehen itzulian ahalik eta garaipen gehien lortzea izango dute helburu, eta horretarako denboraldi-aurre ona egin beharko dutela azpimarratu du. “Denboraldi hasierara baldintza onetan heltzeko denboraldi-aurre ona egin behar dugu. Liga denentzat izango da zaila; ez da partidu errazik egongo”.
Azaroaren bigarren asteburuan bidaiatuko dute Gironara eta azken asteburuan lehiatuko dute denboraldiko lehen derbia, Gasteizen. Beste partidu zailetako bat Perfumerias Avenidaren kontrakoa izango da; abenduko bigarren asteburuan jokatuko dute Salamancan. Hurrengo asteburuan lehiatuko dute lehen itzuliko azken jardunaldia. Malosten talde gernikarraren eta IDK Gipuzkoaren arteko derbiaz gozatuko dute zaleek. Beraz, Donostian jokatuko dute ligaren azken jardunaldia, apirilaren lehen asteburuan.