Kosnoagako igerilariek maila ona erakutsi dute Euskal Herriko Txapelketan
Asteburuan, Euskal Herriko txapelketa lehiatu zuten junior mailako Kosnoagako bederatzi igerilarik, eta lan txukuna egin zuten denek. Arduradunak pozik daude federatuen maila, gogo eta konpromezuarekin.
Talde sendoa dauka Gernika-Lumoko Kosnoagako Igeriketa Taldeak, eta txapelketaz txapelketa hori horrela dela erakusten dute igerilariek. Euren denborak hobetu, eta emaitza onak eskuratzen dituzte.
Ikastea helburu hartuta, txapelketako emaitzei baino gehiago erreparatzen die igerian ondo egiteari. Giro bikaina dute igerilarien artean zein entrenatzaileagaz, eta Aritz Urberuaga entrenatzaileak denboraldian zehar taldearekin egindako lana azpimarragarria izan dela diote arduradunek, “igerilari guztiek aurrerapen itzela lortu dutelako”. Giro bikainak taldearen lorpenetan eragin zuzena daukala uste dute.
Asteburuan, Euskal Herriko txapelketa lehiatu zuten junior mailako Kosnoagako bederatzi igerilarik, eta lan txukuna egin zuten denek. Jomara Undabarrena, Jone Otazua, Anabel Egurrola, Irati Bengoetxea, Iraia Aranbarri, Garazi Bengoetxea, Maialen Foruria, Imanol Loza eta Aimar Irazabal izan ziren Kosnoagako ordezkariak Mendizorrozako igerilekuan, eta “oso ondo” aritu ziren denak, bakoitza bere proban.
Hala, Foruria Euskal Herriko txapelduna da bular modalitateko 50 metro eta 100 metroko probetan. Proba absolutuetan, berriz, hirugarrena da bi modalitate horietan. Garazi Bengoetxeak ere emaitza bikainak eskuratu zituen modalitate librean. Euskal Herriko txapeldunordea izan zen junior mailako 200 eta 400 metroko probetan, eta hirugarren sailkatu zen 800 metrokoan.
Taldean oso pozik daude igerilari guztiek egindako lanagaz. Federatuen maila, gogo eta konpromezua ikaragarriak izan direla diote arduradunek, eta horrek eskolarteko igerilarietan eragina duela uste dute: “Nagusiak hain gogotsu eta idartsu ikusteak eragina dauka eskolarteko igerilarietan, ispiluaren funtzioa betetzen du”.
Udalari eskaria. Kosnoaga Igeriketa Taldeko arduradunek azaldu dutenez, hainbat oztopo gaindituz lortu dituzte emaitzak: “Ez gara nekatuko esaten, emaitza guztiak hainbeste oztopo gaindituta iritsi direla”. Izan ere, Gernika-Lumoko herri handi batek igerileku bat baino gehiago izan beharko lituzkeela uste dute: “Gernika-Lumo bezalako herri handi batek ez du halako igerileku bakarra izatea merezi. Kosnoagako igerilariak ez gara kabitu ere egiten, ezta herritar arruntak ere”. Hala, gaia seriotasunez hartzeko garaia dela deritze, “kirola osasuna delako, eta horretan inbertitzea herrian eta herritarrengan inbertitzea delako”.