Karmen eguna ospatzeko elkartu dira Elantxoben eta Mañun
Eguerdiko mezaren ostean, ohitura mantenduz, Ama Birjinagaz prozesioa egin dute elantxobetarrek. Mañun, berriz, umeen jolasak egin dituzte.
Karmengo Ama Birjina arrantzaleen babesletzat hartzen da tradizio katolikoan, eta esaterako, elantxobetarrentzat egun berezia da. Ohiturari eutsiz batu dira gaur Karmen eguna ospatzeko.
Eguerdiko meza amaituta, Karmengo Amaren omenezko prozesioan hurreratu dira Kurtzeko moilara. Han, abadea buru zutela Aita Gurea abestu, eta eskuetan zituzten hortentsiak uretara bota dituzte. Batik bat itsasoan hildakoak izan dituzte gogoan.
Jarraian, sardina erreak dastatzeko tartea hartu dute, eta bazkalordua ailegatu bitartean, trikipoteo alaian batu dira. Arratsaldean, berriz, umeentzako puzgarriak jarriko dituzte Mariatxi Dominguez-en musikagaz eta pintxo poteoagaz borobilduko dute egun handia.
Bermeoko Mañu auzoan asteburuan hasi zituzten jaiak, eta etzi (uztailak 18) karmen bigarrena ospatuz amaituko dituzte aurtengo ospakizunak. Meza nagusiaren ostean, umeak edarto pasatu dute askotariko jolasetan. Helduak, berriz, trikipoteoan aritu dira auzoko tabernan; batzuek tortilla eta txorizo pintxoak jaten zituzten bitartean beste batzuk dantzan eta kantuan ibili dira panderoaren eta trikitixaren doinuak jarraituta. 19:00etan mezan batuko dira berriro ere, eta herri kirolekin gozatzeko aukera edukiko dute.
Asteburu gastronomikoa izan dute bermetoarrek. Bariku arratsaldean bota zuten jaietako txupina, eta zapatuan, berriz, paella (goizean) eta tortilla (arratsaldean) txapelketen aitzakian batu ziren senide eta lagunak. Iluntze gau partea, gainera, Lorratz erromeriak musikatu zien. Etzi ere, musikak girotuta agurtuko dituzte karmenak. Hain zuzen, iluntzean trikiti eta pandero doinuek lagunduta, bakailao jana edukiko dute, eta 21:00etatik aurrera, zaldi gazteen probak lehiatuko dituzte.