Datozen bi asteburuetarako eskaintza zabala dakar Santimamiñek
Silex lanketaren erakustaldia, bisita gidatua, film baten proiekzioa eta arte tailerra egingo dituzte.
Santimamiñeko arkeologi-indusketen mendeurrena ospatzeko ekintzak egingo dituzte uztailaren 20an, 27an eta 28an.
Zapatu honetan Maite Garcia UPV-EHUko arkeologoak, silex lanketa erakustaldi partehartzailea eskainiko du, 20:00etatik aurrera. Partehartzaileek suharrizko tresnak burutzeko historiaurreko teknikak ikasi eta erabiliko dituzte. 21:30ean hasita, berriz, La cueva de los sueños olvidados filma proiektatuko dute baselizaren kanpoan. Biak ala biak doako ekitaldiak dira.
Hurrengo zapatuan (uztailak 27) Bilbo eta Kortezubi lotuko dituzte. Izan ere, Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoak, Santimamiñe eta Arkeologi Museoa bateratzen dituen bisita eskainiko du. 09:00etan irtengo dira Bilboko San Nikolas enparantzatik. Bisitariak autobusez hurbilduko dira Santimamiñeko gune arkeologikoa ezagutzera. Ondoren, Bilbora bueltatu eta Arkeologi Museoan Santimamiñen berreskuratutako material esanguratsuak ikusiko dituzte. Bisitan parte hartzeko 9 euro ordaindu beharko dira.
Biharamunean, II Arte tailerra emango dute Santimamiñen, 7 eta 12 urte bitarteko umeentzat (doan). Aurrehistoriatik hasita eta egungo Land Art teknika artistikora arte, korronte artistiko ezberdinak ezagutu eta landuko dituzte. Bi txanda egingo dituzte: 11:30 eta 13:00.
Izena eman. Hilaren 27ko eta 28ko ekintzetan leku mugatuak daude, eta beraz, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. 94-465 16 57 telefono zenbakira deitu edo santimamine@bizkaia.eus helbidera idatzi behar da.