Faboritoek ez dute huts egin
Beaskoetxea-Lopez eta Goikoetxea-Lekerika ziren faboritoak, eta euren norgehiagoketan garaipena eskuratu zuten Barandika-Ekhi eta Mendizabal-Etchetoren aurka hurrenez hurren. Zapatuan hasi zen Gernika Jai Alai Grand Slama.
Beaskoetxea-Lopez bikoteak lehenengo, eta Goikoetxea-Lekerikak gero. Gernika Jai Alai Grand Slameko ligaxkaren lehenengo partidua irabazi zuten bi bikoteek zapatuan. Barandika-Ekhi eta Mendizabal-Etcheto garaitu zituzten hurrenez hurren.
Faboritoak ziren. Hala zioten Grand Slameko zestalariek zozketako egunean, eta ez zuten hutsik egin. Ez ziren, baina, garaipen errazak izan. Gogor borrokatu behar izan zituzten partiduak, biak hirugarren set-an erabaki ziren-eta.
Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Ekhi bikoteen aurkako partidu parekatuak zabaldu zuen aurtengo Grand Slama Jai Alai frontoian. Berdindu egin zuten, eta hirugarren set-ean lau puntuko aldeagatik irabazi zuten gorritxoek. Barandikak eta Ekhik ondo hasi zuten norgehiagoka, aurretik zeuden, baina Beaskoetxeak eta Lopezek erantzun egin zuten, eta seira berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, Beaskoetxea eta Lopez nagusitu ziren lehen zatia bukatu bitartean: 10-7, 13-8, 14-9 y 15-10.
Bigarrenena irabazi behar zuten Barandika eta Ekhik, eta egin zuten. Seriotasunez jokatu zuten, eta 12-15 gailendu ziren bigarrenean. Bikain aritu zen Ekhi, pilota pikatua eskuin aldera behin eta berriz bialduz; hiru aldiz eskuratu zuen tantoa modu horretan. Berdinketa hausteko unean, baina, erraz nagusitu ziren Beaskoetxea eta Lopez, eta 5-1ekoa jarri zuten markagailuan. Hala ere, partiduak iraun bitartean Lopezek fisikoki “ahul” egon zela onartu zuen: “Antibiotikoa hartzen ibili naiz gaixotasun baten ondorioz. Pisua galdu dut, eta ahul sentitu naiz partiduan zehar”.
Tituluaren defentsan. Goikoetxea eta Lekerikak iaz lortutako titulua defendatu zuten zapatuan Erik Mendizabal eta Etchetoren aurka. Txapela eramateko bi bikote indartsu dira biak ala biak, pilota aurrean zein atzean asko lantzen duten lau pilotari.
Emozio bizikoa izan zen partidua, parekatua eta frontoia bete zuten zaleak gozarazi zituena. Berdindu egin zuten, eta berdinketa hausteko hirugarren set-a jokatu behar izan zuten. Ondo hasi zuten lehenengo set-a txapeldunek, markagailuan aurretik jarriz eta 6-2koa lortuz. Mendizabal eta Etchetok erantzun egin zuten, eta zazpina berdintzea lortu zuten. 10-10ekoagaz, Goikoetxeak eta Lekerikak tartea ireki zuten, eta Lekerikaren tantoak jarri zuen 15-12koa.
Bigarren zatia ere oso parekatua izan zen. Bikain aritu zen Erik, bere talentu eta dotorezia agerian utziz. Goikoetxeari ondo erantzun zion aurrean, eta 13-15koa jarri zuten markagailuan; urdinentzat bigarrena. Lekerika eta Etcheto ziur aritu ziren atzean, defentsan zein erasoan euren abilezia erakutsiz, eta tantoak ondo bukatuz; bi hormetara jaurti zuen Lekerikak behin baino gehiagotan. Berdinketa hausteko unean, baina, Goikok bere tanlentua agerian utzi zuen, eta 5-3 gailendu ziren iazko txapeldunak.