Bigarren sailkatu da Urdaibai Castron lehiatu duten erlojupekoan
Azken orduko formatu aldaketak nahasmendua eragin du VII. CaixaBank Banderan, eta talde bermeotarrak etekina ateradu du. Zapatuko Donostiako estropadan laugarren egin eta gero, Zierbena baino ez du aurretik izan zortzigarren jardunaldian.
Emaitza aipagarririk gabeko denboraldi hasieraren ostean, Urdaibaik iaz emandako maila erakutsi du asteburuan lehiatu diren bi estropadetan. XII. Donostiarra Kaiarriba-Amenabar Banderan laugarren egin zuen, zapatuan [uztailaren 13a]; eta bigarrena izan zen VII. Caixabank Banderan.
Egun nahasia bizi izan zuten Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek atzo Castron, izan ere, publizitate puzgarriekin lehenengo, eta bigarren kaleko balizekin gero, izandako arazoek formatu zein ordutegi aldaketak eragin zituzten. Epaileek estropada erlojupeko eran lehiatzea erabaki zuten azken orduan, eta ordubete baino gehiagoko atzerapenarekin ekin zioten emakume zein gizonek banan banako probari.
Emakumezkoen gorengo mailan Oriok eskuratu zituen asteburuko bi banderak, eta ligan ere lider izaten jarraitzen du. TKE Ligan, arazoak arazo, talde bermeotarrak etekina ateratzea lortu zuen Castron lehiatu zuten zortzigarren jardunaldian. Zapatuan, Donostian, laugarren egin eta gero, ohorezko txandan irten zen Urdaibai atzo, eta Zierbenak bakarrik garaitu zuen. Ziaboga guztietan ezarri zuten irabazleek denborarik onena, baina hirugarren eta laugarren luzeetan talde bermeotarra izan zen azkarrena: 05:38.20 eta 05:01.07. Erlojupekoaren bukaeran, Zierbenak (21:04,48) baino ia zazpi segundo gehiago behar izan zituen Urdaibaik (21:11,28), baina Orio (21:15,08), TKE Ligako liderra, atzetik helmugaratu zen, lau segundora. Bigarren txandaren irabazlea, Hondarribia, laugarren izan zen, eta jarraian Donostiarra, Santurtzi eta Cabo sailkatu ziren. Castron lehiatutako erlojupekoaren azken postuetan Cabo, Isuntza, Astillero, Ondarroa, San Pedro eta Kaiku geratu ziren.
Sailkapen orokorra. Asteburuko bi estropaden ostean, sailkapen orokorrean, Urdaibaik seigarren jarraitzen du (65 puntu), eta Orio da liderra (89 puntu). Zierbenak, denboraldiko lehen bandera irabazita bigarren postura egin du salto (79 puntu), baina oso hurbil dauka Hondarribia (77 puntu). Santurtzi da laugarrena (74 puntu) eta Donostiarra bostgarrena (70 puntu). Talde bermeotarraren ostean salto ikaragarria dago, izan ere, 38na puntu dituzte Cabok, Kaikuk eta Ondarroak. Sailkapenaren azken postuetan Isuntza (24 puntu), Astillero (17 puntu) eta San Pedro (15 puntu) daude.
KE2. Portugaleten izan dute KAE2 Ligako arraun taldeek hitzordua, asteburuan. Zapatuan Bermeo Bk hirugarren egin zuen, Castro eta Orio aurretik izan zituela. Busturialdeak, aldiz, bigarren txandako denborarik txarrena ezarri zuen eta zortzigarren sailkatu zen.
Domekan, bestalde, Getxok irabazitako estropadan, Bermeo Bk atzerapausoa eman eta bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Busturialdea, aldiz, azkena izan zen. Sailkapen orokorrari dagokionez, Orio da liderra (61 puntu) eta Castro (55 puntu) zein Getxo (51 puntu) ditu atzetik. Puntu bakar batera dago Bermeo B, eta Busturialdea (26 puntu) zortzigarren.