Arrizabalaga eta Garay gailendu dira Ajangizen
Muniozguren eta Kato 22-14 hartu dituzte mendean. Antolatzaileek esan dutenez, teorikoki indartsuena behar zuen Iglesias-Irusta bikotea oso goiz gelditu zen jokoz kanpo.
Arrizabalaga eta Garay bikoteak irabazi du horma bakarreko Ajangizko VI. Esku Pilota Txapelketa. Muniozguren eta Kato 22-14 mendean hartu zituzten, barikuan [uztailaren 12a]. Gantzabale Elkarteak antolatutako txapelketara jende andana hurbildu zen “giro oso polita” sortuz. “Partidu guztiak onak izan ez baziren ere, gutxienez hiru azpimarratzeko modukoak ikusi genituen”, adierazi dute antolatzaileek.
18:00etan bikoteak osatzeko zozketa egin zuten Ajangizko plazan, eta ostean ekin zioten txapelketari. Sei bikoteak osatuta, bost partidu jokatu zituzten pilotariek 21:00ak arte. Aurrelariak eta atzelariak banatu eta, zozketan bikote orekatuak atera baziren ere, “teoria eta praktika” gauza ezberdinak direla ohartarazi dute Gantzabale Elkarteko kideek: “Teorikoki oso indartsua izan behar zuen bikotea eratu zuten Iglesiasek eta Irustak. Denok pentsatzen genuen beharbada garaileak izango zirela, baina oso goiz kanporatu zituzten. Lehen partidua ere ez zuten irabazi”.
Arrizabalaga eta Garayk irabazi zuten txapelketa: “Aurrelariak oso ondo hartu zion neurria horma bakarreko frontoiari, jaun eta jabe izan zen”. Arrizabalagak berak onartu du zozketaren emaitzak jakin ostean finalera iristeko “bide errazena”egokitu zitzailea, izan ere, Muniozgurenek eta Katok partidu oso gogorrak jokatu behar izan zituzten aurretik: “Freskoago heldu ginen, eta aurkarien nekea algun izan genuen. Lehen tantoetan lortu genuen abantaila mantentzearekin nahiko izan genuen finala irabazteko”.
Antolatzaileek Garay atzelariaren lana ere azpimarratu dute: “Bermeotarrak 16 urte ditu, pilotaririk gazteena izan da, eta oso ausart, gogotsu, jokatu zuen. Gaztea izanik, pilotan aritzeko dohainak erakutsi zituen”. Arrizabalagak ere bere bikotearen lana nabarmendu du: “Hasieran pixka bat urduri bazegoen ere, izugarrizko txapelketa egin du, eta finalean maila oso ona eman zuen”.
Pilota aitzaki. Herri askotako pilotariek parte hartu zuten horma bakarreko frontoian lehiatu zuten txapelketan: gernikarrak, ondarrutarrak, bermeotarrak, aulestiarrak, munitibartarrak… Antolatzaileen helburua inguruko herrietan dagoen pilota zaletasuna bultzatzea da, eta horretarako Ajangiz topaleku bihurtu dute aurten ere, seigarrenez.
Partiduak amaitu ostean, eta eguraldiak lagunduta, pilotari zein ikusleek txerriki-jana izan zuten, denek batera, jai giroan eguna bukatzeko. “Pilota txapelketa hau aitzakia besterik ez da Ajangizek aurrera egin dezan, eta herria bilgune bihur dadin”. Arrizabalagak ere txapelketaren antolatzaileen lana eskertu du “egun oso polita” izaten dela esanez.