Izarori bira emateko estropada egingo dute Galerna Taldekoek
Galerna Cup lasterketa egingo dute beste batez bihar goizean. Oraindik izena emateko aukera dagoela nabarmendu dute antolatzaileek.
Dagoeneko tradizio bilakatu den Galerna Cup egingo dute Bermeoko Galerna Taldeko kideek. 2006tik egiten duten estropada horretan Bermeotik irten eta Izaro irlari bira ematen diote. Itsasoaren eta belaontzien zaleek estropada berezi horretan ondo pasatzeko aukera edukiko dute.
Bihar egingo dute kirol proba, eta zehaztu dutenez, dagoeneko hamabi belaontzitan joango diren 25 marinelek eman dute estropadan parte hartzeko izena. Bihar 11:00etan itsasketa portutik irtengo dira. 10:00etan, baina udalerriko Loidxie tabernan batuko direla azaldu dute Galernakoek. Bertan estropadari buruzko informazio guztia azalduko diete Galerna Cup-ean parte hartuko duten marinelei.
Bi orduko itsasaldia. Izarora birak bi ordu inguruko iraupena izango duela jakinarazi dute antolatzaileek. Sariei dagokienez, America’s Cup estropadaren antzeko egitura hartzen dutela diote: aurreko Galerna Cup-eko irabazleak bere kopa defendatu beharko du. Beste ontzi batek irabaziz gero, horri eman beharko dio garaikurra. Horrez gain, “tripulazio itxurosoarentzako” saria ere egongo dela adierazi dute. Maniobrarik hoberena egiten duenak, Izarora gehien hurbiltzen den ontziak edota beste zenbait irizpideren arabera banatuko dute saria.
Antolatzaileek izena emateko gonbita luzatu diete nahi duten herritarrei. Ontzia ez dutenek ere parte hartu ahal dutela nabarmendu dute, dagoeneko izena eman duten ontzietara igota. Horretarako, Galerna Taldearen Facebook-era edota galernataldea@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute.
Galerna Cup Serrats, Talleres Gaztetxu, Bermeoprint eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatzen du Galerna Taldeak. Sariak banatu ostean, elkarrekin marmita bazkaltzera joango direla adierazi dute, estropada era ezin hobean amaitzeko.