Hondakin organikoen edukiontzietarako txartelak banatzen hasiko dira astelehenean
1.500 eskari baino gehiago jaso dituztela nabarmendu dute udal ordezkariek, eta aurrerantzean ere eskariak egin ahal dituzte herritarrek. Berhaz bulegoan banatuko dituzte txartelak.
Berhaz bulegoan astelehenean [uztailak 15] hasiko dira hondakin organikoen edukiontzietarako txartelak banatzen. Abuztuaren 3ra bitartean banatuko dituzte txartelak, guneka. Hau da, edukiontzia erabiltzeko izena eman zuten herritarrek egun zehatz batzuk izango dituzte berea eskuratzeko. Uztailaren 15etik 20ra A gunekoek jasoko dituzte, uztailaren 23tik 27ra B gunekoek eta uztaiolaren 19tik abuztuaren 3ra C gunekoek.
Udal arduradunek jakitera eman dutenez, 1500 eskari baino gehiago jaso dituzte eta izena eman ez dutenek, oraindik ere txartela eskatzeko aukera daukate: “Ekimena abian jarri eta txartelak eskatzeko epea zabaldu zenean, herritarrek bikain erantzun zuten”.
Txartelak eskuratzen dituztenek Bermeoko edozein edukiontzi erabili ahal izango dute, guneak kontutan hartu gabe eta inolako ordutegirik gabe: “Udalaren helburua da edukiontziak erabiltzeko erraztasunak ematea”.
Udalerri zaindu eta garbia izateko helburuagaz jarri zituzten hondakin organikoen edukiontziak, eta helburu hori lortzeko bidean beste pauso bat eman dutela zehaztu dute udal ordezkariek: “Ingurumena zaintzea eta Bermeo jasangarri eta txukun bat izatea guztion ardura izanik, Udalaren zeregina da honetarako baliabideak jartzea. Bada, astelehenetik aurrera pausu handi bat emango da zentzu honetan”.