Bird Centerrek doako bisita gidatuak eskainiko ditu udan
Uztailetik irailera bost doako bisita aurreikusi dituzte, eta bariku honetan egingo dute lehenengoa. Aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa da.
Aurreko udetan egin modura, aurten ere Urdaibai Biosfera Erreserban arrano arrantzaleak behatzeko doako irtenaldiak antolatu ditu Urdaibai Bird Center-etik.
Bost bisita gidatu egingo dituzte. Bariku honetan [uztailak 12] egingo dute lehenengoa eta hilaren 26an egingo dute hilabete honetako bigarrena. Abuztuaren 9an eta 23an egingo dituzte hurrengoak, eta azkena, berriz, irailaren 6an. Irtenaldiotan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea, eta horretarako telefono zenbaki hauetara deitu behar da: 699 83 92 02 edo 946 25 11 57. Gehienez, hamabost pertsonaz osatutako taldeak egingo dituzte.
Irtenaldiak Urdaibai Bird Center-en hasiko dituzte 10:00etan eta bi ordu eta erdiko iraupena izango dute. Parte hartzeko zentrora deitu behar da aldez aurretik, talde mugatuak izango direlako hegaztiei eragozpenik ez eragiteko. Bisitak zentroko teknikariek gidatuko dituzte lurretako teleskopioen laguntzagaz eta ibilbidean zehar arrano arrantzalearen berreskurapen programaren garapenari buruzko informazioa emango dutela jakitera eman dute.
Zehaztu dutenez, 2014. urtetik arrano arrantzalearen inguruan Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin garatzen den ingurumen hezkuntzako proiektuaren barruan daude irtenaldiok, eta arrano arrantzaleak bertoko hezeguneetako kontzerbaziorako duen garrantziaz kontzientziatzea edo ohartaraztea dute helburu. «Gutxienez 200 bat urte dira espeziea hau ez dela ugaltzen gure hezeguneetan», azaldu dute Bird Centerreko arduradunek.