Euskal selekzioa nagusitu da XI. Barakaldo Hiria Torneoan
46-62 irabazi diote espainiar selekzioari. Hirugarren Belgika sailkatu da, Ukrainiari 46-58 irabazita.
Mario Lopez gernikarrak gidatutako euskal selekzioak irabazi du XI. Barakaldo Hiria Torneoa lehenengoz. Finala Lasesarren jokatu zuten, atzo, eta aurrez aurre Espainia izan zuen. Partiduan nagusi izan ziren euskal selekzioko neskak, eta horren adierazle da markagailua ere: 46-62.
Finala galtzen hasi baziren ere, uneoro neurketa kontrolpean izan zuten euskal herritarrek, eta hiruko jaurtiketetan zein defentsa lanetan bikain aritu ziren. Lehen saskiratzeak espainiarrek burutu zituzten, baina Euskadik partida irauli zuen, besteak beste, Izaskun Garcia muxikarraren jaurtiketekin. 0-11ko partziala egin ostean, lehen zatia 8-16 bukatu zen.
Espainiarren presioari ondo aurre egiten asmatu zuten euskaldunek, eta hamar minutuz ez zuten saskiratzerik jaso. Defentsa arrakastatsua eraso bortitzekin uztartzeak emaitza bikaina eman zien euskal selekzioaren jokalariei. Hala, bigarren laurdeneko lehen minutuetan tarteak gora egin zuen. Aixa Woneren hirukoak eten zuen ordura arteko 0-21eko partzial harrigarria. Atsendenaldian markagailua 22-32 puntutara zegoen.
Neurketaren bigarren zatira Espainia indartsu atera zen, eta tartea laburtzea ere lortu zuen. Hala ere, markagailua egonkortu egin zen, izan ere, bi selekzioek bina hiruko jaurtiketa saskiratu zituzten. Azken laurdenean, etxekoek martxa berreskuratu eta nagusitasunez irabazi zuten txapelketa.
Finalaurrekoak. Finalaren aurretik hirugarren postua erabakitzeko neurketa jokatu zuten Ukrainiak eta Belgikak, eta 46-56 gailendu zen belgikar selekzioa. Martxa hartzea kosta egin bazitzaion ere, hirukoak saskiratzen hasi eta abantaila erosoa eskuratu zuen bukaera arte.
Finalerdietan euskal herritarren kontra 55-33 galdu zuten belgikarrek, eta Espainiak Ukrainia mendean hartu zuen azken laurdenean 0-20ko partzial ikusgarria egin ostean (34-54).